“Norbaitek pentsa dezake herri indigenek milaka urtetan eraikitako kulturak eta hizkuntzak alboratu daitezkeela? Norbaitek pentsa dezake euskaldunok ez garela gai izango azken berrogeita hamar urtetan hizkuntza eta kultura berreskuratzeko metatutako esperientzia besteekin partekatzeko?”. Galdera horiek airean utzi zituen Andoni Barreña kideak, eta Ana Carrere alkatearekin batera, argi utzi zuten zein zen Garabideren eginbeharra: euskalgintzaren eta euren hizkuntza eta kultura berreskuratu nahi dutenen artean zubia izatea.
“Zeregin horretan zuek denok behar zaituztegu”, luzatu zieten gonbidatuei. Aurkezpenean izan ziren euskalgintzako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, hedabideak… hogeita hamar lagun inguru bildu ziren Basteron eta guztiak dokumentala ikusteko gogoz zeuden. Txalo zaparrada batekin agurtu zituzten Garabideko kideen eta alkatearen hitzak, eta adi-adi jarri ziren pantailara begira, hurrengo berrogei minututan ikusiko zutenaren peskizan.
Beltzean mintzatuz
Dokumentalak hamalau lagunen ikuspegia biltzen du. Nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe, maia yukatek eta kitxua komunitateei hitza eman eta nola dauden, zer bizi duten, zein amets dituzten eta euskaldunak nola ikusten gaituzten erakusten du. Hiru edo lau urteko lan karga izan duen ikus-entzunezkoa da, auzolanean egina.
Transmisioa amildegirantz doala eta hainbat hizkuntza betirako galtzearen atarian gaudela esanez hasten da dokumentala. Horren ostean, lekukoek hartzen dute hitza eta barru-barrutik kontatzen dituzte beraien bizipenak. Sentimenduetatik eta emozioetatik azaltzen dute zeinen garrantzitsua den hizkuntza beraien bizitzetan.
“Kultura bat hizkuntzarik gabe ez da ezer”; “hizkuntza bat ez da hobea edo txarragoa, besteak bezalakoa da”; “mundua ezagutu eta bizitzari osotasuna ematen dio hizkuntzak”; “hizkuntzarekin ni naiz, nire familia, nire herria” bezalako esaldiak entzun daitezke protagonisten ahotatik, behin eta berriro.
Euskal Herria erreferente munduko hainbat tokitan
Euskararen egoera beraien hizkuntzekin alderatzen dute eta, batez ere, hemengo herri ekimena eta lan kolektiboa miresten dituzte. “D” ereduko ikastolak eta Korrika, esaterako, adibide oso interesgarriak iruditzen zaizkie. “Guretzat erreferentea eta anaia euskara da”, diote.
Jon Sarasuaren ustez, kooperazio linguistikoa saretu eta indartu beharra dago. Dokumentalak ere mezu argia zabaltzen du: egiten duguna txikia izanagatik ere, garrantzitsua da iragana gogoratzeko eta nor garen aitortzeko, hizkuntzak itzali ez daitezen. Hala, lekukoek hizkuntza erabiltzearen aldeko kontzientzia eta borrokatzeko ahalegina beharrezkoak direla adierazten dute.
Gonbidatuak pozik eta hunkituta
Dokumentalaren ostean, ikusle batek baino gehiagok hartu zuen hitza. Denek Garabide zoriondu zuten, egindako lanagatik. Hizkuntza gutxituen hiztunen esperientzia zuzenean jasotzea oso aukera polita iruditu zitzaien eta emozionatzera iritsi zirela aitortu zuten.
Ana Carreren ustez, dokumentalak agerian jartzen ditu hizkuntza gutxituen oinarrizko adierazleak eta berdintasunak. Euskaldunari anaia nagusi izaera jartzeak hunkitu zituen bat baino gehiago eta eredu sentitzeak lotsa eta, era berean, harro sentiarazi zien beste batzuei: “Noizbait txinparta bat sortzen badugu, zerbait ondo egiten ari garen seinale da. Txinparta asko ikusi ditut dokumentalean. Zorionak”.