Euskal Herrian Mintzo

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka 'Euskara ala ezkara' lelopean iraganen da

2024/05/13  -  Kazeta

Daniel Landart omenduko dute ekainaren 1ean iraganen den Ziburuko Liburu eta Disko Azokan. 'Euskara ala ezkara' lelopean iraganen da Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak antolatzen duten ekimenaren bosgarren edizio hau.

 
Maiatzaren 7an Baltsan elkartean egin prentsaurrekoan EKE, Baltsan, Herriko Etxeko eta Doinueleko ordezkariak mintzatu ziren.
Maiatzaren 7an Baltsan elkartean egin prentsaurrekoan EKE, Baltsan, Herriko Etxeko eta Doinueleko ordezkariak mintzatu ziren. (Patxi BELTZAIZ)

 

Maiatza osoan Azokaldiak eskainiriko hitzorduen ondotik, ekainaren 1ean, larunbatarekin, iraganen da Baltsan elkarteak eta Argia komunikabideak elkarlanean antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 5. edizioa. 'Euskara ala ezkara' Gotzon Garate elgoibartarraren hitzak lelo gisa harturik, egitaraua osatzen ari dira antolatzaileak. Baltsan elkartearen lokegoitzan maiatzaren 7an egin prentsaurrekoan, edizio honetako omendua Daniel Landart izanen dela iragarri dute antolatzaileek, «euskal literaturaren alde duela 60 urte hasitako lan gaitza eskertzeko». Azoka irekiko duen 'Zubiburu' mahai inguruan arituko da Arantxa Hirigoien antzerkilariarekin.

Egunean zehar, usaiazko egitaraua izanen da Ziburun: haurrendako ikusgarria, bertso-marrazki inprobisazioa, umorezko saioa, lau kontzertu, sei liburu aurkezpen, mahai-inguru bat, idazle eta musikari andana bat. Lau gunetan zatitua izanen dira horiek guziak, hala nola, Iturri Zaharra gunea haurrendako ikusgarriarentzat; Karpa Nagusia, hots, azokarena; Karpa Tipia herriko etxearen aitzinean liburu aurkezpen eta ekitaldi kulturalak egiteko eta azkenik Oholtza Estalia, herriko etxearean kontra, kontzertuak plazaratzeko. 

Aurtengo haurrentzat ikusgarria Kiribil konpainiak eskainiko du, Ikusi Makusi Sarako Haur eta Gazte Literatura Azokaren antolatzaileak. «Doinuelerekin hasi elkarlanaren fruitu da beren presentzia», zahaztu dute antolatzaileek. Izan ere, Doinuele, euskara hutsezko plazen sarearen kide da Ziburuko Liburu eta Disko Azoka. Bigarrenez eginen dute ekimena.

Bestalde, diskoetxeak sustatzeko eta musikari leku gehiago emateko xedearekin lan egin dute aurten, eta emaitza gisa, lau kontzertu labur eskainiko dira, bat goizean eta hiru arratsaldean, Lapurdi eta Gipuzkoako bina talderekin: Bloñ (Uztaritze), Lumi (Donibane Lohizune), Pelax (Donostia) eta Hegazkin (Bergara).

Azokaren egonkortzea

«Mendeak zeharkatu dituen euskararen aldeko kate horren katebegi bat baizik ez gara eta guk ere, xumeki, ekarpena egin nahi diogu gure mintzairari», azaldu du Maddi Zubeldia idazle eta kantariak prentsaurreko hasieran, «euskarak egiten gaitu herri, eta kulturak herri bizi». Hala, arnasgunea izateko xedearekin eta euskarak, «gure hizkuntzak aberatsak eta anitzak dituen sorkuntza, literatura eta musikagintza plazaratuz euskara ikasten duen edo dakienari egun oso batez harremanak, elkar trukeak, gogoetak, eztabaidak, ezagutzak euskaraz lasaitasun, normaltasun eta naturaltasunez bizi ahal izateko, deus azaldu, justifikatu edo itzultzera behartua izan gabe, estres linguistikotik urrun» egoteko sortu zen Ziburuko Liburu eta Disko Azoka 2019an. 

Lehen ediziotik, egonkortzen ari da Ziburuko urteroko hitzordua. Lehen edizioan 16 argitaletxe izan baziren, 23 izan ziren 2021ean, 33 2022an eta 36 pasa den urtean. Aurten, 41 izanen dira. Etorri berriei harrera egin ahal izateko, 10 metro erakusmahai gehiago ezarriko dira, plazak eskain dezakeen gehienezko kopurura, hau da, 120 metro. Horrez gain, martxoan ireki zitzaien izena emateko gomita argitaletxeei, hilaren 1etik 31ra, baina 19rako dena erreserbatua izan zen.

Lotura: ikusi

facebook
0
twitter
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus