Euskal Herrian Mintzo

Hizkuntza politikan «jauzi bat» egiteko eskatu die euskalgintzak erakundeei

2024/05/16  -  Berria

Euskararen normalizazioan eta biziberritzean aitzina egiteko hizkuntza politika sendoak jartzea ezinbestekoa dela erran dute. 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldia; herritarrek euskarari emandako bultzada aintzat hartzeko eskatu dute.

(ID_13880326) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2024-05-15, Baiona.  Euskalgintzaren prentsaurrekoa

Euskalgintzako eragileen agerraldia, Baionako herriko etxe aitzinean. PATXI BELTZAIZ

Ekhi Erremundegi Beloki.

 

Agerraldi jendetsua egin dute euskalgintzako gizarte eragileek Baionan, Euskal Herriko erakundeei galdetzeko «jauzi bat» egin dezatela euskararen aldeko hizkuntza politika publikoetan. Ezinbestekotzat jo dute euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen bidean politika publiko «sendoak» abian jartzea, hori delako Euskal Herrikoaren gisako testuinguruetan «minorizazio egoerak zuzentzeko» bidea. «Hizkuntza auzia politikoa da, eta urgentziazkoa», aldarrikatu dute, Garazi Arrulak 23. Korrikaren bukaeran irakurri zuen mezuari erreferentzia eginez. «Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza politikak (…) Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara», adierazi zuen Arrulak. Bere egin du mezua euskalgintzak, eta erran du euskara erdigunera ekarri behar dela.

 

IKUSI GEHIAGO

Euskararen aldeko zeharkako politika baten beharra

Baionako herriko etxearen aitzinean bildu dira, Korrika bukatu zen leku berean, eta 2025eko Euskaraldia hasteko zehazki urtebete eskas falta dela probestuz. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-ko koordinatzaileak eta Irati Iziar Euskaltzaleen Topaguneko  lehendakariak irakurri dute adierazpen bateratua. Gainera, agerraldian parte hartu dute euskalgintzako 30 bat eragiletako ordezkariek ere. 

Nabarmendu dute euskara hizkuntza minorizatua dela eta euskaldunek hiztun komunitate minorizatua osatzen dutela. Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta Nafarroako eremu handienean, euskarak ez du ofizialtasunik; ez du «nor izateko gutxieneko zorurik». Horrez gain, euskarak «erronka alimalekoak» dituela erran dute: izan oldarraldiaren agerpen han eta hemengoak ala munduaren martxa azeleratuak hizkuntza minorizatuei zamatutako zailtasun berriak. «Ipar Euskal Herrian, adibidez, larrialdi linguistikoaren alarma joa dute jada, eta oroitarazi Unescok hizkuntzen erreprodukziorako ezarritako hiztun proportziotik behera direla. Hori zuzendu eta bideratzea da hizkuntza politiketan eman beharreko jauziaren oinarrietako bat», Eskisabelen hitzetan.

Aurten ere milaka herritarrek parte hartu dute Korrikan, Irundik Baionarako ibilbidean. «Euskal Herri harroa ikusi dugu; oztopo eta traba guztien gainetik euskararekin dugun konpromisoa aldarrikatu dugu», adierazi dute. «Harro adierazi dugu euskaraz bizi nahi dugula, bagarela nor eta euskarak ematen digula identitate hori, euskal komunitatearen parte egiten gaituela. Euskal hiztun izan ala ez, harro zabaldu dugu lau haizeetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea», adierazi du Elordik. 

Euskalgintzak argi du: herritarren bultzada behar du euskarak, baina «ez da aski». Horregatik dei egin diete Euskal Herriko erakundeei eta hizkuntza politiketan eragin indarra duten eragile politiko guztiei: «Aintzat har dezatela herritarren bultzada, eta eman ditzatela urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntza berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde». 

Elkarlanerako prest
Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dagoela erran dute euskalgintzako kideek, eta adierazi dute norabide horretan arraunean jarraituko dutela. «Euskararen normalizazioa xede, esparru guztietan lan egiten jarraituko dugu, alegia, ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hizkuntza politiketan eragiten segituko dugu, erakundeen erantzukizuna delako euskaraz bizitzeko hizkuntza politikak ezartzea eta bermatzea. Jakina, euskalgintzaren adostasun zabalaren adierazle, elkarlanean jarraituko dugu bidea urratzen».

Horren guztiaren isla dira Korrika eta Euskaraldia, euskalgintzaren iritziz. «Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen». Euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko «aukerak eta baldintzak» emendatu behar direla erran dute. «Eta, horretarako, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira».

2025eko Euskaraldia
Euskararen erabilera erdigunean jarri eta urratsak egiteko tresna eraginkorra da Euskaraldia, hain zuzen. 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, eta Iziarrek erran du ehunka lagun buru eta bihotz ari direla lanean «bazter guztiak bustiko dituen olatua» izan dadin. «Edizio are eraginkorragoa izan dadin nahi dugu, jendeak euskaraz hitz egiteko leku eroso gehiago izan ditzan, kalean euskara gehiago entzun dadin, eta estres linguistikoa ahaztu dezagun 11 egunetan».

Euskara biziberrituko bada, erabiliko delako izango da, euskalgintzako kideek adierazi dutenez: «Hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea. Euskararen aldeko politikei bultzada sendoena, inoren zain egon gabe, ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da. Euskaraldian, milaka ahobizi eta belarriprestek gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, nork bere inertziak apurtuz, eta konfort eremuetatik mugituz».

Euskarak mugimendu indartsu bat behar duela erran dute, herriz herri eta auzoz auzo saretuko dena, eta Euskal Herri osoa artikulatuko duena. «Norbera dagoen tokitik mugituz, ingurukoak mugitzeko gai gara; eta elkarrekin mugituz, dena mugiarazteko gai».

Lotura: ikusi

facebook
0
twitter
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus