Milaka pertsona kalera atera dira gaur Ipar Euskal Herrian, Bretainian, Korsikan, Ipar Katalunian, Alsazian eta Okzitanian, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak deituta. Salatu dute hizkuntza gutxituen kontrako erasoak ugaritzen ari direla Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan, eta konstituzioko 2. artikulua aldatzeko galdea egin diote Eliseoari, artikulu horretan jasoa baitago frantsesa dela Frantziako Estatuaren hizkuntza. Euskal Konfederazioak bat egin du Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren aldarriekin, eta elkarretaratze ugari antolatu ditu Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat herritan, Euskara orain! lelopean.
Guztira, 800 bat lagun batu dira hizkuntza gutxituen aldeko elkarretaratzeetara Arbonan, Azkainen, Baionan, Beskoitzen, Hazparnen, Hendaian, Itsasun, Ziburun (Lapurdi), Donibane Garazin eta Maulen. Horien artean, protesta jendetsuenak izan dira Hendaiakoak, Donibane Garazikoak eta Ziburukoak, ehun bat lagun bildu baitira horietako bakoitzean, Euskal Konfederazioak emaniko datuen arabera. Itsasun 90 bat lagun elkartu dira euskararen alde; Maulen, 80 inguru; eta Hazparneko eta Beskoitzeko deialdietara 70na manifestari bildu dira.
Besteak beste, azterketak euskaraz egiteko eskubidea ozen aldarrikatu dute protestariek, eta horren aldeko afixak izan dira ugarienak Ipar Euskal Herriko deialdi guztietan. Hala ere, beste kexu eta aldarrikapen batzuk ere ahotan ibili dituzte; adibidez, epaiketetan eta bestelako auzibideetan euskaraz egin ahal izateko galdea.
«Azken urte eta hilabete hauetan, lurralde hizkuntzak garatzeko helburua zuten hainbat tokiko deliberoren kontra egin du Frantziako Estatuak, prefeten bidez, abantzu sistematikoki argudiatuz konstituzioaren kontrakoak zirela», azaldu du Euskal Konfederazioak, ohar batean. «Mota horretako errekurtsoekin, hiztunon hizkuntza eskubideak dira zangopilatuak direnak: ikasleek ezin dute baldintza onetan ikasi eta azterketak lurralde hizkuntzan pasatu; hautetsiek ezin dute asanbleetan hitza hartu lurralde hizkuntzan bakarrik; eta auzitegietan, herritarrek ezin dute beren burua defendatu lurralde hizkuntzan».
Lege esparru berri bat
Euskara «biziberritze fase eraginkor batean» sar dadin eta hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, Euskal Konfederazioak ezinbestekotzat jo du «lurralde hizkuntzen aldeko lege koadro bat eraikitzea», euskara eta gainerako hizkuntza gutxituak «juridikoki babesteko». Halako ekinbide batek, baina, Frantziako Konstituzioarekin eginen luke talka: «Frantses konstituzioaren 2. artikulua aldatzea da lehen baldintza, ezinbestekoa».
Helburu horrekin lanean da Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboa, 2019. urtetik. Urte hartako azaroaren 30ean, Bretainiako, Korsikako, Alsaziako, Okzitaniako, Ipar Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat ordezkarik mobilizazio bateratua egin zuten Parisen, eta Frantziako Gobernuraino eraman zuten hizkuntza gutxituen aldeko aldarria.
Joan den azaroan, kolektiboak iragarri zuen kanpaina abiatuko zuela Frantziako Konstituzioa aldatzeko, eta gaurko mobilizazio deialdia izan da bide horren bigarren geltokia. Otsailean egin zuten lehena: bost lurraldetako 42 ikasle bildu zituzten (tartean, Seaskako ikastoletan ikasten ari direnak) eta agerraldia egin zuten Frantziako Asanblea Nazionalean, Parisen. Irakaskuntzan pairatzen dituzten trabak salatzeaz gain, ikastetxetik kanpo beren hizkuntzan bizitzeko zailtasuna helarazi zieten diputatuei.
Gainerako mobilizazioak
Ipar Euskal Herriko elkarretaratzeak alde batera utzita, beste bost herrialdetan ere bat egin dute Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren deialdiarekin, eta protesta jendetsuak egin dituzte gaur. Milaka lagun elkartu dira Alsazian, Bretainian, Ipar Katalunian, Korsikan eta Okzitanian antolatu mobilizazioetan. Zehazki, antolatzaileen arabera, 120 lagun bildu dira Kemperren, eta beste horrenbeste Roazhonen, 170 Bresten, eta 200 inguru An Orianten (Bretainia); Aiacciun (Korsika), 50 manifestari batu dira protestara.
Euskal Konfederazioak nabarmendu du «mobilizazio egun arrakastatsua» izan dela gaurkoa, eta iragarri du protesta ekintzei eutsiko dietela, Frantziak konstituzioa aldatu arte: «Konstituzioa aldarazteko beste urrats garrantzitsu bat izan da hau, eta Euskal Konfederazioak eta Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboko egiturek mobilizatzen segituko dute, gure hizkuntzak bizi daitezen, gure hizkuntzetan bizi ahal izan arte».