Zer da hizkuntza lankidetza? Bioaniztasuna eta hizkuntza aniztasuna harremanetan daude? “Estatu bat = hizkuntza bat” baieztapena betetzen da? Hizkuntza gutxituak hiztun kopuru txikia daukaten hizkuntzak dira?
Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Gipuzkoan? Eta Errenterian?
Zeintzuk dira duintasunez bizitzeko eta zoriontsu bizitzeko ditugun oinarrizko beharrak? Zer diozue hizkuntza, kultura eta identitatearen inguruan? Zer da identitatea? Zer da identitate kulturala? Zein (izan) da euskararen berreskurapen prozesua?
Zeintzuk dira nire hizkuntzak? Norekin, noiz eta non, nola hitz egiten dut? Zeureak diren hizkuntzak zure gorputzaren zein atalekin lotzen dituzu? Zergatik?
Galdera horiek eta gehiago azaldu, aztertu eta eztabaidatu ditugu Errenteriako ikastetxe guztietako DBHko ikasleekin. Dinamika hori Errenteriako udalak eta Garabidek indarrean jarri dugun “Hizkuntza aniztasuna gure eskoletan eta horren balioa komunitateen arteko elkarbizitzarako” egitasmoaren baitan gauzatu da.
Programaren garapenaz inplikatu guztiek (ikasleek, irakasleek, ikastetxeek, udalak eta Garabidek) egiten dugun balorazioa oso baikorra da, eta agente guztiak bat gatoz balorazioaren arlo ezberdinak aztertzerakoan.
Garabideren aldetik bi alderdi azpimarratu nahi ditugu artikulu honetan. Gaiak gizartean oro har, eta gaztetxoen artean zeresanik ez, lantzeko dagoen premia, batetik; eta gaia lantzen aitzindari eta eredugarri den Errenteriako udalaren ekimenari beste entitate batzuek heltzeko premia, bestetik. Garabide prest da bide horretan bere aletxoa jartzeko.