Bageneukan Marokoren berri (latzak, gainera, azken aldiotan), Amazighekin bidexka eginik, baita Rifen ere zango puntta bat pausaturik: Garabide eta Plazara elkarteon erronka izan da zazpi riftar gazte euskaldunon herrira ekartzea, aste bateko egonaldiarentzat.
Eta hortxe gabiltza: zazpi riftar ez, baizik-eta bost, Marokoko autoritateek biei debekatu dietelako erresumatik ateratzea. Bost riftar, beraz: bi kazetari, aktore bat, kantari bat eta itzultzaile bat, Ipar Euskal Herrian gaindi, tokiko euskal hedabide, hezkuntza, administrazio eta aktibisten artean, elkar ezagutzen, elkar konparatzen, elkar pizten.
Egitura xumeen bisitak lehenetsi ditugu, amets eskuragarriekin ateratzeko; solasaldi informalak lehenetsi ditugu, amets partekatuekin ateratzeko: ikastolako haurren kantuen artetik, zergatik ez artista emazte jaialdi trukaketaren bat, zergatik ez Korrika ikastaro bat, edota hizkuntza transmititzeko material didaktiko partekatua…
Joango gara ametsak eta etorkizuneko bisioak zehazten. Egonaldi bukaeran, behin euskalgintzako bisitak bukatuta, bost riftar gazteek beren komunitatearen etorkizuna dute hizpide izango gogoeta sakonetan, beren hizkuntzan murgilduta, Mustapha El Adak maisuak gidatuta. Euskaldunok atarian itxarongo ditugu, bidelagun izan nahian, gure Txemarekin zabaldu genuen bidea urrun iritsiko delako ametsa gogoan.