Albisteak

Yukatango maien taldea Gure Zirkuan Arrigorriagan
Yukatango maien taldea Gure Zirkuan Arrigorriagan

Yukatango maiak Euskal Herrian, astebete batetik bestera

2024/06/11

Ekainaren 3an Yucatango 12 maia etorri ziren Euskal Herrira euskararen biziberritze prozesua bertatik bertara ezagutzera. Azken 60 urteotan euskarak izan duen prozesua ezagutzea oso aberasgarria da tokian tokiko hizkuntzak biziberritzen ari diren komunitateentzat, eta Yukatanen azken bi urteotan lantzen ari diren proiektua aurrera eramateko erreferentzia oso garrantzitsua izan da euskararena hasieratik.

Bi asteko egonaldi honetarako hainbat bisita eta formazio saio antolatu dira Garabidek bidelagun dituen hainbat erakunde eta aditurekin.

Hezkuntza lantzen ari den maien taldeak murgiltze ereduko gune bat sortzea dauka buruan. Ideia horri bultzada bat eta buruko minei irtenbide bat eman nahian, Debagoienako Arizmendi Ikastolako Basabeazpi eta Almen guneak bisitatu ahal izan zituen taldeak. Bisita honi esker murgiltze ereduko ikastola batek nola funtzionatzen duen barnetik ezagutzeko aukera izan zuten maiek, haur hezkuntzan hasi eta batxilergora bitartean euskaraz funtzionatzeko eta lan egiteko gakoak jaso ahal izan zituzten.

Horretaz gain, ikastolen lehen urte horiek nolakoak izan ziren ezagutzeko aukera ere izan zuten Arabako eta Nafarroako hainbat ikastolen bultzatzaile izan zen Jose Mari Errekarterekin. Errekarte izan zen hainbat ikastolatako garra pizteko lehen txinparta bota zuenetako bat, eta haren ahotik entzun ahal izan zuten sorreretako lehen bilera horiek nola antolatzen zituzten. Garabideko lehendakari Iñaki Martinez de Lunak ere bere esperientzia propiotik egin zien hitz, duela 40 urteko Araban guraso euskaldun izateak zeuzkan zailtasun eta erronken berri eman zien, eta nola gainditzen ari diren euskara ia-ia erabat galdutako eremu batean geroz eta euskaldunago bihurtzeraino.

Corpusa lantzen ari den taldeak ere baditu hamaika buruhauste; maileguak bai, maileguak ez, hitz berrien sorrera noiz eta nola, arauak nola erabili eta abar, milaka galdera. Hauetako batzuei erantzuna eman nahian Donostiako Euskaltzaindiaren egoitzan Miriam Urkiarekin egoteko aukera izan zuten corpusa lantzen ari direnek. Oso bisita emankorra izan zen hau ere, eta aurrera jarraitu ahal izateko hainbat trabaren soluzioa ere aurkitu zuten.

Ostiralean bi bisita egin zituen taldeak. Goizean proiektuaren laguntzaile den Donostiako Udaleko euskara saila ezagutzeko aukera izan zuten. Yukatango Merida hiriak antzekotasun ugari ditu Donostiarekin, eta tamainaz Donostia askoz txikiagoa izan arren lan egiteko orduan erabilgarriak izan daitezkeen hainbat aholku jaso ahal izan zituzten. Arratsaldean Elhuyar Fundazioko Igor Leturiak adimen artifizialak hizkuntzen biziberritzerako eskain ditzakeen hainbat baliabide azaldu zituen, bertaratutakoak (baita Euskal Herritarrak ere) aho zabalik utziz.

Bizkaiko Arrigorriagan eman ditu azken bi asteak Gure Zirkuko karpak, eta euskaraz funtzionatzen duen zirku bakarra ezagutzera gerturatu ziren maiak larunbatean. Goizean Iker Galartzarekin solasean aritzeko aukera izan zuten, euskarazko zirku bat edukitzeak zer suposatzen duen ezagutu ahal izateko aukera eman zuelarik. Arratsaldean, berriz, emanaldia eta bertaratutako ehunka euskaldunez gain Yucatango 12 indigena ere emozionatu zituzten. Poxpolok garbi esan zien: “¡No dejéis morir a vuestra lengua!”. Ea ba, horretarako baliabideak eskaintzen jarraituko dugu Yukatangoen egonaldiaren bigarren astean ere.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus