Mexikoko Yukatango maia hizkuntza maia enborretik eratorritako hizkuntza amerindiarra da. Gehien bat honako leku hauetan hitz egiten da: Yucataneko estatu mexikar penintsularretan, Campechen eta Quintana Roon, Guatemalako iparraldean, bereziki Petén-en eta, maila apalagoan, Belizen.
INEGIren XII. biztanleriaren eta etxebizitzaren erroldako datuen arabera, Mexikoko lurraldean maia hiztunen kopurua 800.291koa da, kopuru horrekin, náhualt hizkuntzaren ondoren, hiztun gehien duen hizkuntza indigena da. Belizen, 1991ko datuen arabera, 50.000 hiztun ditu eta Guatemalan 700 inguru daude Campeche eta Quintana Roo-ren muga ertzean.
2003ko Eskubide Linguistikoen Legearen sorreratik Yukatango maia, Mexikoko gainerako jatorrizko hizkuntza indigenak bezala, mexikar hizkuntz nazional gisa aitortuta dago.
Hizkuntzaren ahulgune eta mehatxu nagusiak honakoak dira:
- Hizkuntza maiaren alde gauzak egiten dituzten pertsona eta taldetxoak badira. Proiektuak aurkezten dituzte Yucatango estatuko erakundeetara, eta gehiago edo gutxiago, bada aukera diru-laguntzak jasotzeko. Maiazko kantagintzaren arloan, literaturaren arloan, kultur ekitaldi eta jaialdien gaian eta horrelakoetan gauzak egiten ari den jendea bada. Hori horrela bada ere, ez dago biziberritzearen aldeko mugimendurik. Ez dago ezer artikulaturik, ez sarerik, ez formulaziorik.
- Sentipena dute ez dutela aurrera egiten.
- Arriskua: diru-laguntza minuskuluen sistematxoan bertan-goxo egitea, artxipielago klientelar bat osatzea inora ez doana.
Maia hiztun komunitatearen indarguneak, berriz, honakoak dira:
- Transmisioa bizirik duten herrixka edo komunitateak izatea barnealdean.
- Corpusaren oinarria. Konkistaren garaitik ia etengabe martxan izandako nolabaiteko idazkuntzak, eta gaur egun idazten denaren kopurutxoak, corpus aipagarri bat jartzen die eskura, idazteko ohitura bat. Idazteko moduluaren estandarizazioa ere ebatzia dago, berriki, Mexikoko INALI institutuak proposatu eta kontsentsu zabala lortu ondoren.
- Hizkuntzaren batasun erlatiboa handia da. Hiru estatuk hartzen duten Yucatan penintsula osoan maia hiztunek elkar ulertzen dute, bariazio fonetiko eta morfologiko batzuk gorabehera.
GARABIDEREkin orain arte izandako hartu-emanak:
- Meridako Unibertsitate Publikoaren inguruko jendearekin egin da harremana.
- Yucatango hiru maiek hartu dute parte Aditu Ikastaroaren bi ediziotan, batek Ikastaldi Trinkoan eta GARABIDEtik joanak dira elkarteko kideak aholkularitza lanak egitera.
Elkarlanerako arrazoiak honakoak dira:
- Maia gazteen artean dagoen potentziala: eskola mailan zenbait ekimen martxan jartzen ari dira bertako hizkuntza indartzeko.
- Eskualde osoan ordezkaritza duen erakunderik ez badugu ere, bertako eragileekin aspaldiko harremana du Garabidek.
Aurrera begirako erronka eta proiektuak:
- Hizkuntzaren egungo egoeraren analisitik abiatutako hizkuntza plangintza integral bat egitea.
- 2018 urtean Yukatanen Aditu Ikastaro trinkoa egitea.
- ”Yucatango maia herriaren eta euskal herriaren arteko esperientzia trukea jatorrizko hizkuntzen biziberritze bidean” 2014-2019 ekinbide posibleak zehaztea.
- Truke Programan eta Aditu Tituluan parte hartu duten ikasleen Gradu Amaierako Lanak gauzatzeko aukerak aztertzea.