Albisteak

Yuuyum elkarteko hainbat kideren argazkiekin osatutako mosaikoa
Yuuyum elkarteko hainbat kideren argazkiekin osatutako mosaikoa

Yukatan penintsulatik Euskal Herrira

2024/05/31

Mexikoko Yukatan penintsulatik delegazio bat etorriko da, Garabide Elkartearen bitartekaritzari esker, euskararen biziberritze esperientzia bertatik bertara ezagutzera.

Garabide Elkarteak hainbat urte darama Mexikoko yukatango maia hizkuntzaren biziberritzea bultzatzeko proiektuetan lanean bertako hizkuntza aktibistekin. Hain zuzen ere, elkarlan horretan mugarri garrantzitsuenetako bat izan zen Yuuyum elkartea sortzea, yukatango maya hizkuntza bultzatzeko hizkuntza aktibista talde baten ekimenez eratu zena. Artikulazio horrek azken bi urteetan eman ditu fruitu nabarmenak, Kellog Fundazioaren bitartez lortutako diru laguntza bati esker Penintsula osorako baliagarri izan nahiko lukeen hizkuntza plan integral bat diseinatzen ari baitira.

Hizkuntzak biziberritzeko aitortzen diren 9 arlotan oinarritutako lantaldetan banaturik (Corpusa, Helduen irakaskuntza, aisialdia, kultur sorkuntza, hezkuntza, komunikabideak, enpresa mundua, familia transmisioa eta administrazio publikoa) uztailaren 12an Yucatanen aurkeztuko den hizkuntza plana lantzen ari dira maiak gaur egun.

Euskararen biziberritze esperientzia erreferentzia da antzeko prozesua bizi duten komunitateentzat, bere argi eta ilunekin euskarak azken 60 urteotan lortu duena ametsa baita munduan zeharreko komunitate askorentzat, eta miresmenez entzuten dituzte Euskal Herriko kontuak. Biziberritze prozesu hori bertatik bertara ezagutu nahian, ekainaren lehen hamabostaldian Yucatango 12 maiaz osaturiko delegazio bat etorriko da Euskal Herrira Garabide Elkartearen eskutik, arloz arloko esperientzia espezializatua ezagutzeko aukera izango dutelarik, hemen ideiak hartu eta euren komunitateko errealitatera egokituta han ere inplementatu ahal izateko.

Mexikoko ordezkarien agendan euskararen biziberritzearekin lotutako hainbat bisita aurreikusi ditu Garabide elkarteak datozen bi asteetarako, hala nola azken urteotan mexikarren bidelagun den Donostiako Udalean bisita, Goiena komunikazio taldera hurbiltzea, Bilboko Zenbat Gara elkartearen konstelazioa osatzen duten proiektuak bertatik bertara ezagutzea (Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia…) eta Ikastolen sorrerako protagonistekin solasean aritzea.

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus