Albisteak

Yukatan penintsulatik Donostiara

2022/09/25

Mexikoko Yukatan estatuko hiriburua den Méridako udaletik delegazio bat dator, Garabide Elkartearen bitartekaritzari esker, Donostiako Udalarekin harremanak sendotzera.

Garabide elkarteak hamaika urte daramatza Mexikoko yukatango maia hizkuntzaren biziberritzea bultzatzeko proiektuetan lanean bertako hizkuntza aktibistekin. Hain zuzen ere, elkarlan horretan mugarri garrantzitsuenetako bat izan zen Yuuyum elkartea sortzea, yukatango maya hizkuntza bultzatzeko hizkuntza aktibista talde baten ekimenez eratu zena. Artikulazio horretan haratago joan nahian, Yukatango hiriburua den Merida hiriko udalera jo genuen Yuuyumek eta Garabidek duela urte batzuk. Milioi bat biztanleko hiria izanik, ez zen erronka txikia bertako hizkuntza biziberritzeko konpromisoak adostea, baina apurka-apurka ondu zen harremana.

Gaur gaurkoz, Meridan udal mailako hizkuntza plangintza abiatzea da mahai gainean dagoena eta, horretarako, erreferenteak ezinbestekoak dira. Beraz, Garabide Elkarteak zubi lanari ekin eta Donostiako udaletxeko atea jo zuen, baita baiezkoa lortu ere.

Batura horren emaitza ikusiko dugu datorren irailaren 26an, Donostiako alkate Eneko Goiak udaleko ordezkaritzarekin batera harrera egingo baitio Yukatandik etorritako delegazioari. Zehazki, hauexek dira bertaratuko direnak: Meridako Udaleko alkateordea Diana Mercedes Canto eta erregidorea Maria Gabriela Baqueiro, Meridan Maia Kultura Indartzeko Udal Institutuko arduraduna Marcos Regino Pech eta Yuuyum Elkarteko ordezkaria Maria Elisa Chavarrea. Ozeanoaren alde banako bi udal eta bi elkarte hizkuntzaren biziberritzerako indarrak batuta, izan bedi bide luze baten lehen pausoa.

Horrez gain, Mexikoko ordezkarien agendan euskararen biziberritzearekin lotutako bestelako egitekoak ere aurreikusi ditugu Garabide elkartean datozen egunotarako, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiko hizkuntza politikak ezagutzeko seminarioa, Goiena komunikazio taldera hurbiltzea eta Bilboko Zenbat Gara elkartearen konstelazioa osatzen duten proiektuak bertatik bertara ezagutzea (Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia...).

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus