Abuztua azken urteotan opor usainarekin etorri izan den arren, aurten ezberdin joan da; hilabeteko azken astea Mexikoko Yucatanen pasa baitute Maiteder Sasieta eta Mariasun Sarrionandia garabidetarrek, azkenaldian puri-purian dagoen hizkuntza biziberritze proiektua dela eta.
2022an hasitako prozesuari esker izugarrizko bultzada eman ahal izan zaio Yucatango Maiaren biziberritze prozesuari. Orduan hasi eta orain arte, inflexio puntu garrantzitsua suposatu duen mugimendu baten oinarriak ezarri dira, eta abuztuaren amaieran hain justu lehen biurtekoaren itxiera ekitaldia egin zen. Mugimendua esaterakoan ez da kasualitatez esaten, hala baitauka izena proiektuak: Peekbal Waye, Mugimendua hemen, hori baita lortu nahi dena: Yucatanen ere hizkuntza aktibistak mugitzen hasi eta hizkuntzaren erabilerak azken hamarkadetan hartu duen beheranzko joera horri buelta ematea.
Pixkanaka ari dira duela 24 hilabete markaturiko helburua lortzen. Lehen penintsula osoan zehar sakabanaturik zeuden esperientzia txiki asko helburu estrategiko beraren aterkipean elkartu dira, eta Yucatan Penintsula osorako erabilgarri izan nahi duen Plan Estrategikoa osatu dute.
Abuztuaren 29an, ostegunarekin, penintsula mailako planaren eta maien ametsa irudikatzen duen film labur baten aurkezpena egin zituzten Meridako Maien Museo Nazionalean. 400 pertsona inguru bertaratu ziren aurkezpenera, eta amaierarako eguraldia bezain bero zegoen aretoko giroa. Gehienek nahi zuten mugimenduaren parte izan, eta askok eskaini zuten euren burua ahal zutena egiteko.
Hurrengo bi urteetan Plan Estrategikoaren inplementazio fasea hasiko da, pixkanaka indartzen ari den sarea zimendu sendo bilakatzeko asmoarekin. Bejondeiela! Garabidetarrak ondoan izango dituzte aurrerapauso horiek guztiak gertutik ikusi eta ahal den neurrian laguntza emateko.