Albisteak

Yucatanetik Chiapasera, hizkuntza maien bi isurialdetan

2022/03/22

Bi astetako lankidetza-bidaia egin zuen Garabideko ordezkaritzak otsailaren 20tik martxoaren 6ra bitartean.

Lehen zortzi egunetan Jon Sarasua eta Txema  Abarrategi Yucatango penintsulan izan ziren, Merida hartuta kanpaleku. Wayé mugimendua abiarazteko lana izan zen kooperazioaren ardatz. Tokian tokiko talde lokaletan oinarrituko den dinamika biziberritzaile zabala piztu nahi da penintsula osoan eta egitura (talde profesionala eta ereile sarea, besteak beste) eta funtzionamendua ongi zehazten aritu ziren elkarlanean Yúuyum  AC elkartea eta Garabide. Baita finantzazio-iturriak aztertzen.

Jardunbide horretan Yucatango Valladolideko UNO eta Quintana Rooko José Maria Moreloseko UIMQROO unibertsitateetako Linguistika eta Kultura Maiako ikasleen parte-hartzea sustatu zen. Sentsibilizazio hitzaldi bana eman zen campusotan eta gero martxoaren 26an, larunbatez, denon arteko lan saioa egin zen Meridan. Aktibista maia gazteen egitasmoak eta gogoa Wayén nola uztartu aurreikusi zen. Maia biziberritzeko eragile sare berria irudikatu zen egun horretan.

Bestalde, Meridako udalak bertako Kultura Maia Indartzeko Institutuaren eskutik Maia Biziberritzeko Udal Plana inplementatu nahi du. Ekimen aitzindaria litzateke penintsulan, beste udal batzuk ere anima ditzakeena.

Udaleko ordezkariekin bizpahiru bilera egin ziren Planaren ildo nagusiak finkatzeko eta baita horiek Donostiara egingo duten lankidetza-bidaia prestatzeko. Hiriburu gipuzkoarra prest dugu euskararen indarberritzean duen esperientzia meridatarrekin partekatzeko.

Funtsean, maia egoera ahulean da Yucatanen, transmisioa ia etenda eta presentzia urriarekin ikastetxe eta administrazioan. Minorizazioa oraindik ere areagotuz, beraz. Han-hemenka jatorrizko hizkuntzaren alde ari den jende guztia saretzea eta hedapen handiko proiektu baten zerbitzura biltzea dugu erronka.

Chiapas izan genuen bigarren geltokia. Han Garabidek ez du solaskidetza sendorik gaur artean, ez dugu erakunde lagunik eta eskura genituen datuek bertako 16 hizkuntzek osasuntsu samar zirautela zioskuten. Yucatan ondoko auzoan bestelako hizkuntza egoera topa genezakeen, horrenbestez.

Eta hala egiaztatu genuen bost erakunderekin egindako bileretan. Tsotsila eta tzeltala errotik erabiltzen dira. Ahozkoan, baina. Transmisioa zalu berritzen da eta gazte jendeak jatorrizko mintzaira darabil mara-mara. Hala ere, asko dira errealitate globalizatu aldakorrak dakartzan mehatxuak. Digitalizazio prozesutik kanpo geratzeko arriskua eta idatzizko erabilera hutsaren hurrengoa horien adierazle. Adi aztertu beharreko egoera.

Garabidek egonaldi hau zinez baliatu du eragile chiapastarrekiko harremana estutzeko. Eta, jakina, Mexikoko jatorrizko hizkuntzei buruz dugun ezagutzan sakontzeko.

Chiapasek Yucatanen izan lezake gerta lekiokeenaren ispilua eta Yucatanek Chiapasen sendotzearen ondorioen miraila. Hizkuntza-lankidetza sendabelar aproposa.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus