Garabide Elkartean munduko hizkuntza komunitate gutxituetako eragileekin lan egiteaz gain, Euskal Herriaren aktibazioa eragin nahi du. Gizarte eragileak proiektuetan integratzeaz haratago, herritar ororengana ailegatzeko ikus-entzunezkoak ekoizten ditugu, beti ere sentsibilizazioa helburu. Formatu txikiko ikus-entzunezkoetan trebatu ondoren, 2015 urtean erronka berriari ekin genion: urtero dokumental bat ekoiztea, hain zuzen ere. Erronka honen oinarrian elkarlana dago, izan ere, Mondragon Unibertsitateko ikasleekin batera aritzen baikara lanean: urtero Garabidek hizkuntza komunitate bat proposatzen du eta ikus-entzunezko Komunikazio graduko ikasleek aukera dute Gradu Amaierako Lan gisa dokumentala burutzeko.
Aurten Irati Briñas Gastón, Egoitz Díaz Ibargoitia eta Andoni Marquinez Otaegi ikasleek "Waye" dokumentala osatu dute, hizkuntza aktibistak protagonista dituena. Mexikoko Yukatango maia edo Maayat'aan-aren alde lan egiten duten ekintzaileak hizkuntzaren egoeraz, lanez eta ametsez solasten dira, lehen aldiz maayat´aan hutsean.
Estreinaldia Miarritzen eginen dugu Mintzalasai ekimenaren babespean, Biarritz-Angelu-Baionan euskararen biziberritzea helburu duen elkartea, Biarritz Amerique Latine zinema jaialdiaren baitan. Hitzordua Miarritzeko Le Royal zinemagelan dugu urriaren 2an, goizeko 10:00etan. Proiekzioaz gain protagonista eta egileekin solasaldian aritzeko aukera izango dugu. Ondotik, aurkezpen birari ekingo diogu herriz-herri euskal herrian, urrian bereziki 16 ordezkari indigena Euskal Herrian egongo direlako Hizkuntza Gidaritzari buruzko Ikastaldiko partaide gisa. Gure webguneko agendan bildu ditugu hitzordu guztiak eta, adi, gehiago ere prestatzen ari gara!