Albisteak

Uhinetatik Yukatango maia hedatzen: maia herrira egindako bidaiaren kronika

2020/07/13

Konfinatuta egon garen honetan, bidaiatu nahi al duzue hitzen bidez? Bidaia berezi bat dut zuekin partekatzeko, 2020. urte hasieran egungo Mexikon kokatzen den Yukatango penintsulara egindakoa. 

Yukatan aipatu orduko askori hauxe etorriko zaie burura: pultseradun oporraldia, ur gardeneko hondartza zoragarriak eta maien arrastoak tartekatzen dituen udako bidaia paregabe hori. Oso bestelakoak dira, baina, bertan ezagutu nituen errealitateak.

Kokatzearren, une honetan maia jatorriko herriak hainbat estaturen artean banatuta badaude ere, garai batean zibilizazio garatu baten zati izan ziren eta indar handia izan zuten Ertamerikan. Bestelakoa da, ordea, haien egoera gaur egun, nahiz eta ezin uka daitekeen herria ez dagoenik, edo herri ugari. 

Yukatango penintsulan bizi da herri horietako bat, eta, besteak beste, hizkuntza du bereizgarri: yukatango maia. Egun 800.000 hiztun inguru ditu, euskarak bezalaxe. Azken belaunaldietan hizkuntza transmisioa eteten ari dela eta, zenbait eragile jo eta ke ari dira hizkuntza biziberritzeko ahaleginean. 

Eragile garrantzitsuenetariko bat dugu, hain zuzen, gertutik ezagutzeko aukera izan nuen Radio Yúuyum, maia hutsean transmititzen duen irratia. Garabide Elkartearen elkarlana lagun, Radio Yúuyumek erreferente bilakatzea lortu du Yukatanen, baita maia hiztunak ez direnen artean ere. Aurten bete ditu lau urte eta testuinguru horrexetan izan nuen bertako lagunei bisita egiteko aukera. 

Unibertsitateko lan baten aitzakia tarteko, irratiko bultzatzaile horietako batzuk elkarrizketatu nituen, irratiaren hastapenen eta bilakaeraren nondik norakoak ulertzeko. Hori guztia, helburu zehatz batekin: irrati batek Yukatan bezalako lurralde batean hizkuntza gutxitu baten biziberritzea ahalbidetzen ote duen ikusteko

Irratiaren hasierako ilusioa eta indarra zertxobait apaldu diren arren, astelehenero-astelehenero transmititzen dute Facebook bitartez Jó (Mérida) hiriburutik. Yukatango maia hiztun gehienak hiriguneetatik urrun dauden herrietan bizi dira, eta ez dute Interneterako sarbiderik, eta hori dela eta irratia ez da haiengana hain erraz iristen. Baina, era berean, irratia hiriburuan kokatzeak ikusgarritasuna eman dio hizkuntza gutxituari. 

Bestalde, azken urteetan “Hizkuntzaren etxea” moduko espazio bat garatzeko pausoak eman dituzte, eta irratiaren edukia gero eta anitzagoa da, hizkuntza irakasteko eta umeei gerturatzeko saiakerak lehenetsi dira. 

Hilabeteak gehiagorako ere eman zuen eta maia hizkuntza irakasteko hainbat ekimen ezagutzeaz gain, Sanahcat herriko “U Yich Lu’um” elkarteko kideekin egoteko aukera ere izan nuen. Luze azal nitzake irratiaren, hizkuntzaren eta bidaiaren nondik norakoak, bai horixe!

Bukatu nahi baina, zoritxarrez, aipatu nahi nuke COVID-19ak ez ezik azken egun hauetan izandako Cristóbal ekaitz tropikalak makina bat kalte eragin dituela Yukatango penintsulan. Haren ondorioz, ekipo guztiak galdu ditu Yúuyum Irratiak, baina, jakin ahal izan dut eginahalak egingo dituztela aurrera jarraitzeko. 

 

Ainhoa Moron Lasa

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus