Oroimen gozoa bizi izan zuten, ostegun iluntzean, Txema Abarrategi oroitzeko ekitaldira inguratu ziren areto bete pertsonek. Hunkiduraz betetako ekitaldian, poesia eta literaturak presentzia izan zuten, baita bertsoak eta hizkuntzak ere. Denak umore ukitu eder baten bilduak. Nork bere modura, Txemarekin izandako harremanaren ale ederrak utzi zituzten, ordu eta laurdeneko ekitaldian.
Txemaren lankide ohi eta lagunek antolatu zuten ekitaldia, Garabidek, Emunek, Fagorrek eta Aramaioko Bertso Eskolak, hain zuzen ere, abuztuan, gaixotasun larri baten ondoren, galdu zuten lankide eta laguna agurtzeko. Parte hartzaile izan ziren, baita ere, eta ekitaldiari zuzenean jarraitu zioten, Garabideko lanean Txemak harremana zeukan hizkuntza komunitateetako kide gertukoenek: guaraniak, ketxuak, maiak edo amazigak, esaterako. Horretarako zuzeneko interpretazioa izan zuten, EHUko irakasle eta ikasleek egina.
Momentu eder eta hunkigarri asko utzi zituen emanaldiak, hasiera hasieratik. Txemaren irakurzaletasuna gai hartuta josi zuen ekitaldiko haria Manex Agirre aramaioarrak, aurkezle lanetan. Poesiaren Nazioarteko Eguna zela gogoratuz, beti liburu bat aldean zeraman lagunaren irudia berritu zuen, aramaioarrak. Txemaren beraren poesia bat irakurriz hasi zuen ekitaldia Paula Amilburuk: “Neguan, adi egonez gero, antzinako berba galduen oihartzuna antzematen da atarietan” zioen, neguari eskainitako poemaren esaldien artean. Testu eta testu artean, izan ziren beste hainbat idazleren poemak eta aipuak: Harkaitz Cano, Jose Luis Otamendi, Fernando Pessoa, Wystan Hugh Auden edo William Butler Yeats, esaterako.
Jon Sarasuak gogoratu zuen Garabideko lanean, elkarteari momentu zailenetan bultzada eman zion baserritar eta militante kutsuko lagun nekaezina, haren bihotzaren aipamen ezin ederragoan: “Bihotz gordea izan duk, Txema, asko, dena agertzeko...” hasi, eta “bihotz maitea, maiteegia, guk betiko agurtzeko” bukatuta. Aramaioko Txirritola euskara elkarteko kideek gogoratu zuten elkartearen sortzaile izan zuten laguna, eta elkartearen izenaren nondik norakoen “argibideak” eman zituzten. Iparraldearekin zuen harreman estuaren haritik, Xan Aire urepeldarrak umore eta hunkidura nahasi zituen, “Ipuin bukaerek tardatzen omen dute Arabatik Urepelera iristen” eta hargatik, ezin argitu “Aramaixoko azken indigenak bere lurra askatzea lortu ote zuen” baina saiatu bai egin omen zen, “aitzur eta jorra”, porruak, patatak eta kalabazak askatzea lortu zuen moduan. “Molière eta Cervantes borrokatu omen ziren egun hartan”, Aramaioko azken indigenak Tanger hirian euskara batuaren historia “frantses hutsean, edo latzean” kontatu omen zuenean...
Munduko hizkuntza komunitateek euren maitasuna eta babesa adierazi zien familiakoei eta lankideei, bideo laburretan emandako mezuen bidez: Gualberto ketxuarra, Elias eta Benjamin guaraniak, Yazmin eta Elisa maiak, Mustapha eta Mohand amazigek euren hizkuntzen kolorea ekarri zuten ekitaldira. Garabide elkartetik Boliviako lankidetza bidaia batean izandako anekdota bati jarritako bertsoak kantatu zituen Eñaut Agirrek, Oier Sarasuak gitarraz lagunduta: “bueltatu itzazue lapurtutakuak”. Aitor Ugartek eta Danel Herrartek, Aramaioko Bertso Eskolaren izenean gogoratu zuten umetatik kotxean saioz saio mugitu zituen guraso eta lagun haren babesa, hiruna bertso ederrekin. Fagor enpresako eta Emun elkarteko lankide ohien izenean, Asier Iriondok eta Lide Agirrezabalek berritu zituzten, hain bereak zituen esaera, mezu elektroniko edo harri bitxiak: “Aizak/n, Euskal Herriak inoiz izan ez duen gauza bat zeukanat/zeukaat hiretzako”, “Bai? Zer?”, “Enbajada bat”. Edo “Egu(e)n on, neska-mutilak! Hona prestatu dugun proposamen zirriborroa. Kafesne-zopekin ondo sartuko zaizuelakoan goizean goiz. Ekiozue, ba, ekarpen-zaparradari. Gustuko baduzue, badakizue, intxaur, makatz eta solomo puxkak ohiko postontzian utzi”.
Bukatzeko, Julen Arriolabengoa idazle, lagun eta herritarraren hitzekin iritsi ziren amaierara. Jarinddoko maldetan, igandeko mendi buelta batean drill egin eta Txema entzutean burura etorritako Sarrionandiaren ipuina kontatu zuen. Gezurrez betetako ipuinaren bukaerak hala omen dio: “Gezur kontaera eder eta hunkigarria izan zen eta, ahozabalik entzun genion denek. Amaitu zuenean, isilik geratu ginen apur batean, suari begira, liluraturik. Eta orduan, errepikatzeko eskatu genion”.
Etxekoen esker onarekin bukatu zen ekitaldia, eta bertan irakurri edo entzundako testu guztiak egurrezko kutxa batean sartuta eman zizkion familiari Garabideko Maiteder Sasieta lankideak. Mokadu bat eginez bukatu zuten Aramaioko frontoi estalian, beti liburu bat aldean zeraman lagunaren oroimen gozoarekin.