Albisteak

TOSEPANeko NAWAT HIZKUNTZA PLANA: ZEIN URRUN ETA ZEIN HURBIL

2019/11/12

Garabide Elkartean hizkuntza lankidetza egiten dugula diogunean ez gara ari soilik Aditu Ikastaro edo Ikastaldiaz, munduko hizkuntza gutxituetako ordezkariei Euskal Herrian eskaintzen diegun formazioaz gain aholkularitza programak ere baditugu, tartean Bidaide programa, eta honen bidez tokian-tokiko hizkuntza biziberritze beharrei erantzuten diegu Euskal Herriko aditu eta arituen laguntzaz. Duela urte eta erdi kontatzen genizuen bezala Mexikoko nawat hizkuntza komunitatean, zehatzago Puebla estatuko TOSEPAN kooperatiba taldearen baitan, hizkuntza plana garatzeko premia sortu zen. Prozesu horretan euskara planak erreferente izan zitekeela pentsatuta eta, aldi berean, euskara planei prozesu hau hurbiletik bizitzeak egingo liekeen ekarpenaz jabetuta, EMUN kooperatibarekin jarri ginen harremanetan, euskara eta berrikuntza soziala batzeaz harago urteetako esperientzia baitute horrelako lanetan. Beraz, Garabide zubi lanetan arituta TOSEPAN eta EMUN batu zituen proiektu honek 2018an.

Atzera begirakoan, gogora ekarriko dugu nawat komunitatea Mexikoko Puebla estatuko mendizerran bizi dela eta eremu zabalean 1.500.000 hiztun inguru dituela. Halaber, komunitate honetan berebiziko presentzia eta garrantzia du Unión de Cooperativas TOSEPAN  Titataniske (“Elkarrekin irabaziko dugu” nawt-eraz) izeneko kooperatiba elkarteak.  TOSEPANek era guztietako jarduerak garatzen ditu eta, horien artean, honakoak ditugu: TOSEPAN KALNEMAXTILOYAN (eskola), TOSEPAN KALI (ekoturismo zerbitzuak) eta TOSEPANTOMIN (kreditu kooperatiba). Horrekin batera  aipagarria 200dik gora komunitatetan kooperatiba lokalak dituela martxan eta guztira 40.000 familiek parte hartzen dute eta zerbitzuak ematen dizkiete. Funtzio sozial eta ekonomiko ikaragarria betetzen du entitateak bere eragin eremuan.

Zehaztasunera etorrita, duela urte eta erdi eman genion hasiera hizkuntza planari; EMUNeko Txerra Rodriguezen eta GARABIDEko Gatxiren aholkularitzarekin TOSEPAN talde kooperatiboaren nawat planaren diagnostikoa eta diseinua egin genituen. Urte eta erdi honetan planari laguntza eta jarraipena eman zaizkio eta oraingoan  15 egunerako etorri gara bigarren bidaian Txerra eta ni neu, Gatxi, nawat lurretara. Aurrekoan baino lasaiago ibiliko ginelakoan geunden baina badirudi ezetz, ekuatorean gaude eta gutxi mugitu gara “Kaltaixpetaniloyan”etik; hau da, “bulegoa” dugun TOSEPANen formazio zentrotik. Garagardo bat hartzea ez dago merke (eta ez nabil diruz) eta kontuan izan hemen larunbata eta igandea lan egunak direla! Baina hemen daramagun astebete honetan emango diogu buelta, dagoeneko hiru afari egiteko gonbidapenak jaso ditugu eta. 

Bi helburu nagusik ekarri gaituzte hona: nawat planaren ebaluazioa egitea eta espazio ezberdinetan formazioa ematea. Formazioari dagokionean batez ere Txerra ari da ikastarotxoak ematen bi gairen inguruan: hizkuntza aktibismoa eta  hizkuntza ekologia. Saio baten ondoren parte-hartzaileetako batek honako aitorpena egin zigun: “Aspaldi da batzar batean negar malkoa ateratzen ez zitzaidala”, helburua lortzen ari garenaren seinale!

Planaren ebaluazioari dagokionez, lehentasuna eman diogu indarguneak eta ahulguneak aztertzeari. Ez gara luzatuko xehetasunetan kronikatxo honetan eta pare bat aipatuko ditugu. Indargune nagusietako da “Talde motorreko –Euskal Herriko testuinguruan euskara batzordearen parekoa– kideak hizkuntzaren aktibistak dira, egunerokotasunean interesa erakusten dute, talde ona osatzen dugu”. Eta zeintzuk izango dira ahulgune nagusiak: ba “arazo nagusiak dirua eta denbora izan dira”.  Zein arraroa, eh? Horixe ba, horren urruti eta horren hurbil!

Etorkizunari begira ideia eta asmorik ez da falta, ez horixe. Denboran bat egin dute bi dinamikek; alde batetik, egiten ari garen ebaluazioarekin mugarri bat ipini nahi dugu eta datozen urteetako dinamika finkatu eta, beste alde batetik, TOSEPANeko 2 kide esanguratsu –tartean taldeko zuzendari nagusia– Euskal Herritik etorri berri dira GARABIDEk urrian antolatutako Ikastaldian parte hartzetik eta begiak zabal-zabalik eta pilak kargatuta etorri dira, plan anbiziotsuago baten zertzeladak aurkeztu berri dituzte. Hementxe ari gara: dagoena aztertzen, datorrena irudikatzen, proposamen berriak integratzen eta, batez ere, horri guztiorri osotasuna ematen. Eta hori izango da datozen egunetan gure egiteko nagusia, orain saltsaren erdian sartuta gaude, eginahalak egingo ditugu plana norabide egoki eta bideragarrian jartzeko.

Pozgarria da oso ekimen praktikoetan indarrak jarri ahal izatea. Pozgarria GARABIDEn, gero eta nabarmenago, eskaintzen diren formazioen osagarri, egitasmo praktikoetan aritzeko aukera izatea han eta hemen.

Oraingoan nahiko, izango duzue gure berri!

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus