Aurreko astean Cuetzalan-etik bidalitako azken albistean aipatzen genuen bezala, nahuat planaren baitan 3 erronka ditugu:
- TOSEPAN taldean izaera orokorreko hizkuntz irizpideak finkatzea.
- Taldearen 2 kooperatibetan erabilera plan zehatza martxan jartzea.
- Bertako hizkuntza aholkularia den Lizbeth Sanchez trebatzea.
Aste baten aurreratu duguna asko da. Hiru plan ari gara diseinatzen: TOSEPAN TOMIN (Cuetzalan eta Zacatipaneko bulegoetan) eta TOSEPAN KALNEMAXTILOYAN (eskola). Gutxi asko horien diagnostikoak amaitu egin ditugu eta aste honetako erronka da diagnostiko horietatik planak diseinatzea, 2018-2019rako. Horrez gain, Tosepaneko kooperatiba guztietan aplikatzeko moduko irizpide orokor batzuk jarri nahi ditugu martxan.
Planei dagokienez, hori. Baina beste bi lan arlotan gabiltza: batetik, hemen ardura teknikoa izango duen aholkulari-teknikaria gaitzen ari gara eta, bestetik, euskara batzorde moduko bat ari gara osatzen Tosepan osorako, talde motorra izena duena. Talde horrekin diskurtsoa landu dugu eta 2018-2019rako plana diseinatu dugu.
Ez gara sartuko planen xehetasunetan baina aipagarri diren 3 puntu azpimarragarri hauek dira:
- TOSEPAN TOMIN (bankua edo kreditu kooperatiba)ren zuzendari orokorra den Ofelio Julian Hernandez-ek –argazkian GARABIDEko Gatxiren ondoan agertzen dena-, kasu nabarmen bat aipatzearren, nolako jarrera duen. Kooperatiba honetan nahuatl plan formala egiten ari gara... eta 2 bulegotan egiten ditugun bileretara etortzen da, eta horrekin batera, Planaren "talde motor"ean parte hartzen du. Halako zuzendariak behar ditugu, bai hemen eta bai hor.
- Kontrako jarrera ez dugu inoren aldetik jaso (ez bileretan, ez inkestetan), oso pozgarria (eta Euskal Herrian gertatzen ez dena).
- Ikastaldi Trinkoan parte hartu eta gero proiektu honetan hizkuntz aholkularia den Lisbeth-en jarrera, ikaragarria da egiten ari den ahalegina eta gaia nola bizi duen.
Baina dena ez da bilera eta bulego lana izan, arratsalde baten TOSEPAN Irratian eta Ondarruko Radixu irratian -aldi berean- elkarrizketa egin genuen. Lau lagun joan ginen bertara, zeintzuk? Ba nahuat planean buru belarri ari garen lau mosketeroak: Alde, Lizbeth ta bi euskaldunok. GARABIDEkoen lagun eta irratiko esatari den Bonik, elkarrizketaren baitan, 2 abesti sartu zituen euskaraz: Mikel Laboaren Txoriak Txori batetik eta, bestetik, Jon Sarasuarekin batera 7 hizkuntza gutxituetako ordezkariekin Euskal Herrian osatutako abestia. Zirraragarria izan zen ikustea bi abesti horiek munduaren beste puntan, Cuetzalan eta inguruko oihan zoragarrietan zabaltzen zirela ikustea.
Honaino orain artekoaren kontaketa, datorren astean gehiago eta, ahal dela, hobeto. Astelehenean (apirilak 23) hemen argitaratuko dugu bidaiaren azken kronika eta bitartean pilulatxoak botako ditugu sarera Twitter eta Facebooken, baita Txerra Rodiguezen blogean ere. Gainera, TOSEPANen nahuatl hizkuntzaren biziberritzean azken urteotan zertan ibili garen jakin nahi duenarentzat hemen bildu dugu bideoan: