Albisteak

SEI PLANA MARTXAN DA MEXIKOKO TOSEPANEN

2020/12/21

Mexikoko Tosepan talde kooperatiboan lanean ari da Garabide  aspalditik nawat eta totonaku hizkuntza gutxituen sustapenean. Udazkenean, berriz, urratsa egin dugu. Garabide, Mundukide eta Lankirekin elkarlanean SEI egitasmoa jarri dugu abian – SozioEnpresarial Identitarioa-, bertan egiten ari ginen lanari bigarren hanka jarri diogu.

Etxeratu berri den eta gai ekonomikoetan aditu den Carlos Osés boluntarioak, Tosepan-en hilabete eta erdiz egoera finantzieroaren diagnostikoa egin eta gero, elkarrizketa labur honetan esperientziaren berri eman digu.

 

- Nor da Carlos Osés Irulegui?
Sentiberatasuna duen pertsona dela pentsatu nahi dut. Ikasketez ekonomialaria eta bere lan-bizitza osoan Euskal Herriko kreditu-kooperatibismoaren lan-bazkidea. Erakartzen duten proiektuekin bat egiten duen eta konpromisoa hartzen duen pertsona bat.


- Hilabete eta erdiz egon zara Tosepanen, zein helbururekin?
Helburua zen Tosepan Taldearen eta haren kooperatiba nagusi bakoitzaren egoera ekonomikoaren diagnostikoa egiten laguntzea eta iradokizun-gomendio multzo bat ematea. 40 urte baino gehiagoko esperientzia kooperatibo hau, konpromiso sozial handikoa da, besteak beste, beren lurraren defentsan eta "lehen sektorean" du  jatorria. Hurrengo 40 urteetan "Yeknemilis": bizitza onerako proiektua”, eraikitzen jarraitu ahal izatea, bere bazkide diren familien bizi kalitatea hobetuz.

 

- Helburuak lortu dira? 
Pertsonalki oso pozik nago, eta lortu nahi zen helbururako nahitaez motz geratzen diren aste hauetan diagnostiko eta iradokizun nahikoa sakon eta ikuspegi globalarekin egitea lortu dugu. Eta dugu hori azpimarratu nahi dut, proiektuak talde oso baten babesa izan duelako eta Pueblako estatuan nire presentzia fisikoaz gain, sustatzaileak diren Garabide, Lanki eta Mundukide entitateetako pertsonak parte hartu dutelako.


- Proiektuak jarraipena izango du?

Pentsatzen dut baietz, baina Tosepanek berak baloratu beharko ditu, bere batzordeen bidez, egindako lana eta gomendioak, 2021erako kudeaketa-planetan zer alderdi txertatzea erabakitzen duten eta gure laguntzak eta lankidetzak zer ekarpen egin ahal dien. Gure aldetik, adierazi diegu proiektu honekin jarraitzearen aldeko jarrera osoa dugula. 


Maila pertsonalean, nola baloratzen duzu esperientzia?
Tosepanek nik nirekin daramadanaren erdia baloratzen badu gure ekarpena oso pozik egongo nintzateke. Esperientzia oso betea izan da, bi herriren(Nawat eta Totonaku) irmotasun eta umiltasuna begiztatzen da, euren lurrari, elikadura tradizioari, osasunari, bizitzari, hizkuntzari eta kulturari lotuak. Era berean, adinekoen ezagutza eta jakinduriaren garrantzia berreskuratzen ari dira eta lurraren defentsa irmoa egiten dute eta haurrak direnetik irakasten zaie. Zaila da ahaztea.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus