Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga Garabideko boluntarioak azken urteotan Caucako nasekin jo ta su ari dira lanean nasa yuwe hizkuntzaren biziberritze lanetan. Helduen irakaskuntzan egindako lanak saria jaso duela eta aukera ezin hobea eskaintzen digu bi hizkuntza aktibistoi elkarrizketatxoa egiteko.
Zeintzuk dira nasak eta zeintzuk dira beraien ezaugarri nagusiak?
Nasak Kolonbiako hego-mendebaldean bizi dira, Andeen magaletan, Cauca eskualdean hain zuzen ere. Lurralde gatazkatsua izan da eta oraindik ere bada Cauca. FARC eta Kolonbiako gobernuaren arteko gatazka gune garrantzitsua izan zen, eta gaur egun narkotrafikoan dabiltzan talde ugariren jazarpena pairatzen dute. Nasek bakea eskatzen dute euren prozesua garatu ahal izateko, baina aldi berean, lapurtu dizkieten lurrak berreskuratzeko borrokan ari dira. Euren kultura eta izaera berreskuratzeko prozesuan, lurra eta hizkuntza dira bi ardatz nagusiak.
Hizkuntzaren arloan, gurekin antzekotasun handia dute hainbat kontutan. Euren hizkuntza, nasa yuwea, linguistikoki isolatutako hizkuntza da, hau da, ez du inguruan familia bereko hizkuntzarik. Gutxi gorabehera, 400000 nasa dira, eta herritarren %30 inguru dira nasa yuwe-hiztunak. Gurean bezala, han ere badira hiztun gehiago dituzten arnasguneak eta oso presentzia urria duten zonaldeak. Hizkuntzaren transmisioa etenda izan dute orain gutxira arte eta horri buelta emateko, ahalegin handia egiten ari dira, baliabide ugari jarrita eta ilusio handiz. Esan daiteke gure 60-70eko hamarkadetako egoerarekin antzekotasun handiak ikus daitezkeela, baina nasek euren kosmobisioa dute, mundua ulertzeko modua, eta hori oso presente dute, bai egunerokotasunean, bai biziberritze prozesua gauzatzerakoan.
Hizkuntzari begira zein da orain arte berarekin egindako lana?
Garabidetik 2013tik joaten gara Caucara, Tunhibiu herrira hain zuzen ere. ADITU ikastarora etorri ziren nasa batzuek bultzatuta, Garabideko kideak bertara joaten hasi ziren eta harrezkero, urtero urtero joan izan gara, 2020 honetan izan ezik. Nasekin elkarlan berezia sortu dugu eta esan daiteke talde ona egiten dugula. Hasierako bisitetan, elkar ezagutza sakonagoa, egoeren azterketa partekatua eta plangintza orokor bat irudikatzea ekarri zuen.
Baina plangintza garatzeaz batera, jada abiatuta zeuden inmertsio eskola bat eta helduen eskolak ezagutu genituen eta euren zailtasunak eta beharrak zeintzuk ziren aztertu genuen eurekin batera. Hortik aurrera talde berezituak antolatu genituen, atal bakoitzean hobeto lagundu ahal izateko. Honako taldeak sortu ziren:
-
Plangintza
-
Kultur sormena
-
Eskolak
-
Helduen eskolak
-
Komunikabideak
-
Itzulpengintza
Ane Ortega eta biok Helduen eskolen taldean aritu gara. Horretan zuten arazo nagusia zen irakasleak hiztunak zirela, baina ez zekitela hizkuntza nola irakatsi. Metodologia tradizionalak erabiltzen zituzten, hitz zerrendak, agurrak eta ahoskera lantzen zuten, baina ikasleak ez ziren gai kalean nasa yuwez aritzeko. Metodologia komunikatiboan oinarritutako ikas-prozesu bat diseinatzen aritu gara azken sei urteetan. Metodoa partekatu, irakasleak horretan trebatu, euren errealitatera egokituta programatu eta, azkenik, lehen mailarako materiala sortu dugu. Hori da hain zuzen ere saria jaso duena, nasa yuwe ikasteko lehen 10 unitateak biltzen dituen liburua: NYAFX FXIDX. Ikaslearen liburuarekin batera, irakaslearena eta ikus-entzunezko materialak ere biltzen ditu egitasmoak.
Zein da zehazki jasotako aitortza?
Kolonbiako Kultura Ministeritzak ematen du, kultur aniztasuna bultzatzen dituzten egitasmoak saritzeko. Egia esan taldeko euskaldunok ez dugu jakin egitasmoa aurkeztu egin zutenik ere, eta sariaren berri jaso dugu zuzenean. Alderdi ekonomikotik ez da ekarpen handia; 5milioi peso dira (1200 euro inguru) eta liburuaren 1000 ale inprimatzeak 15 bat milioi izan dira, baina indar handia eman digu aurrera egiteko. Batez ere nasek harrotasunez hartu dute, egin duten lana, egin duten bidea eta eskuratu duten ezagutza onartua izan dela sentitzen dute.
Beste zerbait aipatu nahi?
Aurten ezin izan gara joan Caucara, baina on-line jardun dugu egindakoa sendotzen eta hurrengo urratsak aurreikusten. Emankorra da euren prozesurako lan hori ere, baina nik faltan dut haiekin batera aritzea, elkarlan eta elkar ezagutza horretan sakontzea. Izan ere, sentitzen dut guk asko dugula handik ikasteko, eta hori galtzen ari garela egoera honekin. Ia 2021ean joateko aukera dugun!