Albisteak

Nasekin elkarlanean Kolonbian

2015/01/01

Kolonbiako herri indigenekin ditugun harremanak estutzen jarraitzen dugu. Oraingoan GARABIDE eta Munduko Hizkuntza Ondarearen EHU/UPV UNESCO Katedrak eta Cauca Departamenduko Nasa herriaren ACIN erakundearekin elkartasunezko garapen proiektu bati forma eman eta Euskal Herriko zenbait udaletxe eta administrazioren diru-laguntzarekin abiatu gara bidean.

Uztaila eta abuztuan Caucako Kwet Fxi'jnxi izeneko komunitatean dugu hitzordua. Nasa herria eskola propioak sortzeko prozesuan ari da lanean eta irakasleen trebakuntzarako antolatu diren tailerretan hartuko dugu parte. Uztaileko tailerra materialgintzaren inguruan garatuko da eta abuztukoa, metodologia, curriculuma eta lehen hezkuntzako ereduenetan.

Uztailean, Maite Erasun eta Mikel Mendizabal goaz, materialak sortzeko praktikak egingo ditugu tailerrean, eta metodologiaz arituko gara. Gure ekarpena, gure irakasle esperientziatik abiatuko da, gure euskal eskola eredu propiotik. Motxilan, laguntzeko izango ditugu euskal hezkuntza sistemaren aitzindari izan ziren gertuko irakasleengandik bildu ditugun testigantzak eta Murgiako Institutuko DBH4ko ikasleek tailer hauetarako propio sortu duten bideoa ere. ekologiaindigena.blogspot.com.es jarraitu ahal izango gaituzue.

Azken batean Nasa herriak esan ohi duen moduan hariak eta ehunak lantzea da helburua. Tailerrak hariak dira, jarraipena izatea nahi genukeenak, ehuna sortuz herrien arteko zubiak sendotu eta elkar aberasten jarraitzea.

NASA herria da bere etorkizunaren jabe, heurek gidatu behar dute eskola propioa eraikitzeko bidea. Prozesu horretan LAGUN izatea da gure nahia, gure zortea.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus