Andoaingo Udalak hitzarmena sinatu du Garabiderekin, garapen bidean dauden herrietako hizkuntzen normalizazioan laguntzeko. Hitzarmena Txema Abarrategi, Garabideko koordinatzaile orokorrak eta Ana Carrera, Andoaingo alkateak sinatu dute.
Zehazki, Mexikoko Nauat herriaren eta Euskal Herriaren arteko esperientzia trukean oinarrituko da hitzarmena.
Ana Carrereren ustez, herrien arteko kooperazioa ezinbestekoa da mundu justuago eta parekatuago bat lortzeko bidean. Honenbestez, truke hori gauzatu nahi du, Euskal Herriko esperientzia, ezagutza eta balioak garapen bidean dauden herrietara eramanaz eta han jasotakoa, berriz, hona ekarriz.
Hiru helburu nagusi ditu hitzarmenak. Batetik, hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta. Bestetik, eragile horiekin lankidetza proiektuak garatzea, hizkuntzaren, kulturaren, nortasunaren eta, batez ere, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarriz. Azkenik, euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea nahi da.
Iturria: Aiurri