[Oharra: artikulu hau itzulpen bat da, jatorrizko bertsioa gaztelaniaz dago hemen]
Orlando Balam, Yúuyum irratiko “Ki’ichkelem T’aan” saioko esatarietako bat, nahua-euskaldun-maia komunikazioari buruzko tailerrean Cuetzalanen, Pueblan
Puebla, Puebla, maiatzak 27 (Yazmín Novelo Montejo komunikatzaileak idatzita).- Lineako emisioan hasi zenetik urte eta erdira Yúuyum irratiak maia hizkuntza eta kultura indartzeko lanean tinko dirau, senide dituen herriekin sareak osatzen. Horregatik abiatu dira oraingoan “yuya”-k (bertako txori ikusgarriak, Yúuyum irratia irudikatzen dutenak) Cuetzalan aldera, Pueblara, bertan ari baitira nahuatl-ekin eta euskaldunekin esperientziak elkartrukatzen pasa den ostegunetik, alegia hilaren 25etik.
Tosepan Titataniske-ko kooperatiben biltzarrean, hain zuzen ere Kaltaixpetaniloyan Formazio Guneko auditorioan, Yuuyum irratiko lau kideak ari dira ekintzetan parte hartzen. Alde batetik, hausnarketa prozesu partekatu bat dago martxan komunikabideek hizkuntzaren eta kulturaren indartzean jokatzen duten paperari buruz eta, bestetik, multimedia lanetan aritzeko (audio eta bideo edizioa, argazkilaritza, sare sozialak) trebakuntza ikastaroak egiten ari dira. Ez da kasualidadea “Kaltaixpetaniloyan”-ek “arima irekitzen duen Etxea” esan nahi izatea.
Pasa den ostegunean, hilaren 25ean, ikastaroari hasiera emateko jatorrizko hizkuntzen (Unescok finkatutako parametroetan oinarrituta) egoeraren diagnostikoa egin zen eta ondorio argiak ekarri zituen: bai nahuatl, bai maia hizkuntzak arrisku larrian daude. Berehalako analisian hiru jarrera posible agertu ziren horren aurrean: joera horren prozesua bizkortzea, joera horren prozesua geldotzea edo galera prozesua iraultzea.
Maia hizkuntzaren egoera aurkeztu zen momentua
Komunikabideak arlo gakotzat hartu ziren, izan ere alor honetan egiten den lanak beste prozesu batzuk dinamizatzen ditu, hala nola neologismoak sortzea (eta horrek dakarren hizkuntzaren eguneraketa, hirietan edo jendarte hiritarragoetan erabiltzeko) eta hizkuntzei buruzko ideologia ezkorrak desaktibatzea. Azken batean, hezkuntza sistemak egiten duen lanaren osagarri da.
Ikastaroa hiru erakundek antolatu dute: batetik, Garabide Elkarte euskalduna, bestetik Tosepan kooperatiben biltzarra eta, azkenik, Yúuyum irratia. Iganderarte luzatuko da helburu argi batekin: nahuatl eta maia hizkuntzen erabilera indartzeko komunikabideek zer egin dezaketen ikastea.
Lau eguneko tartean indartzen ari dira komunitateon arteko loturak eta dagoeneko elkarlanerako proiektuak begiztatu daitezke etorkizun hurbilean.
Yúuyum Irratiko kide bat ikaskideei hitz egiten Pueblan martxan dagoen ikastaroan
Talde lan horren lehen erakusgarrietako bat da Euskal Herriko kideek maiatzaren 29tik ekainaren 3ra Yucatanen egingo duten egonaldia, lankidetza-ekintza ugari aurrera eramateko baliatuko baitute.
Meridan ikastaroa eskainiko dute Euskal Herriaren hizkuntza biziberritze esperientziari buruz, bertakoei euskarak bizitako prozesua sakonki azaldu eta metodo horretatik ikasteko aukera izango dutelakoan. Euskara galzorian egon zen eta berreskuratzearen gakoak dira gaur egun hizkuntza baten galera prozesua iraultzearen adibide arrakastatsuetako bat. Berreskuratzea hainbesterainokoa izan da, ezen gaur egun posible baita hizkuntza horretan soilik hitz eginez bizitzea Euskal Autonomia Erkidegoan.
Ikastaroa guztiz irekia da, bereziki maia hiztunentzat, eta datorren astearte eta asteazkenean (29 eta 30) izango da arratsaldeko 5ak eta 9ak bitartean Unidad Editorial de la SEGEY-en egoitzan, Meridako erdigunean 62 kaleko 391 zenbakian, 45 eta 47 artean.