Albisteak

Hizkuntza-aktibistak Altsasura egindako bisitan, Guaixe-ren egoitzan
Hizkuntza-aktibistak Altsasura egindako bisitan, Guaixe-ren egoitzan

Nafarroako uzta dastatuz borobildu dugu formazio programaren 1. astea

2024/10/01

Nasa komunitateko ordezkariak gidatuta, Uma Kiwe eta jatorrizko herriei egindako eskertza batekin ekin genion Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programari, irailaren 20an Aretxabaletan. Aurkezpen egun honetan, programaz, Garabidez, Debagoienaz eta Euskal Herriaz aritu ginen eta programa honen baitan Euskal Herrira etorritako hizkuntza-aktibistak hobeto ezagutzen hasteko aukera ere izan genuen. Asteburuan zehar distantzia luzeko bidaien ondoren ohikoa den jet lagari aurre egin eta gure ordutegira egokitzeko tartea izan zuten programako partaideok.

Irailaren 23an, astelehenez, hasi ginen mimoz antolatutako programa garatzen. Bertan, hizkuntza -aniztasunaren eta -ekologiaren inguruko Itziar Idiazabalen saioarekin hasi eta asteazken arratsaldean egindako harrera ofizialera arte, hizkuntza aktibistek hainbat gai lantzeko aukera izan zuten Garabideren Aretxabaletako egoitzan: intersekzionalitatetik hizkuntza gutxituetako hiztunei egindako begirada zein helduen irakaskuntza alorraren lanketa Ane Ortegaren eskutik, soziolinguistika Iñaki Arrutirekin, hizkuntzak biziberritzeko gakoak zein eremuak Jon Sarasuarekin, hezkuntza alorra Andoni Barreñarekin zein Arizmendi Ikastolara egindako bisitarekin, eta sentsibilizazio saioetarako tresnen partekatzea Gorane Ayesta eta Juan Luis Arexolaleibak gidatuta.

Asteazken arratsaldean, Gari Iturbe alkatearen eta Iñaki Martinez de Luna Garabideko lehendakariaren harrera beroa jaso zuten programako partaideek Aretxabaletako udaletxean. Ondoren, deskantsurako tarte handirik gabe, ostegun goizean goiz, Nafarroa aldera abiatu ginen, eta bertako lur idor bezain emankorretan hainbat proiektu zein gai ezagutu eta jorratu genituen: Tafalla eta bertako ikastola zoragarria, Paula Kasares eta Esther Lakastak hizkuntza transmisioa eta aisialdiaren inguruan hurrenez hurren eskainitako saio interesgarriak Iruñean, Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoan sentsibilizazio saio aberasgarria, eta Altsasutik Sakana osora hedatzen den Guaixe aldizkari xume bezain miragarria.

Tafallako gaztetxoek kantatu ziguten antzera, arbasoen senari jarraiki ahanzturaren lurrak irauli, eta Nafarroa (zein euskara) altxatzen nola diharduten ikusi dugu. Milesker aunitz!

1. aste honetako laburpen bideoa hemen

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus