Albisteak

Hizkuntza-aktibistak Barandiaran museoko eta Jentilbaratzako lagunekin, Torto eta Sanmartintxiki tartean dituztela.
Hizkuntza-aktibistak Barandiaran museoko eta Jentilbaratzako lagunekin, Torto eta Sanmartintxiki tartean dituztela.

Mitologiaren balioa erakutsi digute Ataungo Tortok eta Sanmartintxikik, 2. astearen bukaeran

2024/10/08

Bigarren astea magia munduan murgilduta bukatu dugu Ataunen, Torto, Sanmartintxiki, Marimunduko eta Ingumaren artean, besteak beste. Herri baten kondaira, pasadizo eta mitoak bizi-bizirik nola dirauten erakutsi ziguten Ataungo Jentilbaratza elkarteko kideek (Juanjo Maiz, Santi Etxeberria eta Juantxo Aizpuruak), Joxe Miel Barandiaranek euskal herritarren ahotik bildutakoak dibulgatzen lan egiten duten boluntario taldeko hiru kidek. Ataungo herritarrek mitologiarekin eta euskararekin lotura izugarria dutela ikusi genuen. Horren arrazoiak asko izango dira, baina boluntario talde honek egiten duen lanak izango du erruaren zatitxo bat, inondik inora ere. Joxe Miel Barandiaranen bizitza eta ibilbidearen berri ere izan genuen, Barandiaran museoko Amaiaren eskutik.

Bukaera ezin hobea, bete betea joan den astearentzat. Hedabideen esperientzia azalduz hasi zituen klaseak Ander Bolibarrek astelehenean. Gero corpusaren garrantziaz eman zituen gakorik garrantzizkoenak Andoni Barreñak, eta geure hizkuntza joeren garrantziaz jabetu gintuen EMUNeko Ainhoa Lasa lagunak.

Asteartea bidaia eguna izan zen, Andoaingo Martin Ugalde eraikina batetik bestera pasaz ezagutu genituen hiru esperientzia, zein baino zein interesgarriagoak: Euskalgintzaren Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, eta Berria egunkaria. Asteazken goizak astelehenekotik izan zuen pixka bat, mundu digitalera salto egin baikenuen, hasieran Ander Bolibarren eskutik, eta gero, Marisa Barrena eta Maripa Garaizabali txanda emanda. Aktibazio sozialaz aritu ziren Juan Luis Arexolaleiba “Gatxi” eta Gorane Ayesta, eta arratsaldean, bi taldetan banatuta, genero tailerra egin genuen, Nerea Uriarte, Yamili Chan, Iban Gartzia eta Axi Bagliatoren laguntzarekin.

Ostegun eta ostiralak bisita egunak izan genituen. Batetik, administrazio publikoek hizkuntzen biziberritzean izan dezaketen garrantzia ikusi genuen, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Donostiako udalean, ostegunez, eta Beasaingo udalean, ostiralez. Euskal hedabide handiena ezagutzeko parada izan genuen, baita ere, ostegunean, Miramonen, EITBrako bisitarekin. Arratsaldean, Euskaltzaindiako lana erakutsi ziguten Tolarea egoitzan, Miriam Urkiaren eskutik. Ostirala Goiena hedabidean murgilduta hasi genuen; urteroko bisita, berau. Gero, Beasainera mugitu, eta han udal batek hizkuntzaren alde egin dezakeena aztertu genuen. Sorpresa eder bat zain genuen Lazkaon, ondorenerako. Maizpide euskaltegi eta barnetegian, gizaldi erdi bateko esperientzia oparoa ezagutarazi ziguten Marian Bidegainek eta Laida Begiristainek, Maizpideko sortzaileak eta egungo arduradunak. Bertan ederki bazkalduta joan ginen aldameneko herrira, Atauna, kondairek omen diotenez, gizakiaren habiatako bat omen denera.

2. aste honetako laburpen bideoa hemen

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus