Albisteak

Miller Correa buruzagi indigena kolonbiarraren hilketa

2022/03/16

Gaur goizaldean (martxoak 15) Miller Correaren gorpua identifikatu dute indigena nasek. Miller ACIN-ÇWK (Asociación de Cabildos Indígenas del Norte – Çxab Wala Kiwe) elkarte indigenako Kontseilaria da.


Atzo (Martxoak 14) Cauca Departamentuko CRIC (Consejo Regional Indígena del Cauca) erakunde-kideekin Popayán hiriburuan izan zuen batzarretik 18:40an irten zen bera bizi izan den Toribioko udalerriko Tacueyo erresguardora joateko. Millerek, azken aspaldian sarri jaso zituen mehatxuak direla eta, Kolonbiako Gobernuaren Unidad Nacional de Protección delakoak utzitako babes bereziko ibilgailua erabiltzen zuen. Antza, bidean zihoala kotxea geldiarazi, kotxetik atera eta hil egin zuten. Ibilgailua oraindik ez dute aurkitu, eta hilketaren zehaztasunik ez daude argi.


Miller Correa nasa komunitate indigenaren lider ezaguna da. 2021etik CRIC erakunde indigenaren ACIN-ÇWK lurralde-adarraren Osasun Kontseilaria da, eta Popayáneko batzarrean koordinazio lanetan ari zen atzo. Lehenago, Toribioko Plan de Vida Proyecto Nasa erakundearen Koordinatzaile Orokorra izandakoa ere bada, eta baita Tacueyoko kwekwe neehnwe’sx-a (agintari indigena), CECIDIC (Centro de Educación Capacitación e Investigación para el Desarrollo Integral de la Comunidad)-eko koordinatzaile nagusia, Toribio udalerriko zinegotzi eta idazkaria.


Miller-ek giza-eskubideak, nasa herriaren eta herri indigenen eskubideak, eta herri indigenak euren hizkuntzak eta kulturak biziberritzeko duten eskubidea eta beharra tinko aldarrikatu dituen buruzagia izan da.


Duela 8 bat egun, Kolonbiako Hego-mendebaldeko Arrano Beltzek, talde paramilitarrak, sinatutako mehatxuzko panfleto batean agertu zen bere izena. Amorragarria da narkotrafikoarekin lotutako talde armatu horien jarduna eta marihuana-laborarien gremioko kideen lankidetza, Kolonbiako Caucan lider indigena eta sozialak hiltzen baitituzte. Tacueyó berean, 2019an, babeslekuko neehnwe 'sx, Cristina Noscue, hil zuten beste bost kiderekin batera, atentatu krudel batean.
Miller Correa MAIS (Mugimendu Alternatibo Indigena Soziala) mugimenduko buruzagi indigenetako bat izan da. Mugimendu politiko hori Caucako eskualde-hauteskundeetara aurkeztu da, Gustavo Petroren hautagaitzari babesa emateko Kolonbiako presidente izateko bidean.

Garabide Elkartea, 2012tik Toribioko udalerrian nasa hizkuntza eta kultura biziberritzeko prozesuan laguntzen ari dena, harro dago Miller Correarekin lan egin duelako, 2018-2020 aldian Toribioko Nasa Proiektua Bizi Planaren koordinatzaile nagusia izan zenean. Lider sendo baten irudia gordetzen du bere ideia eta konpromisoetan, irekia eta errespetuzkoa, laguntzailea eta langile nekaezina. Deitoratzen eta gaitzesten dugu hilketa krudel hau, baita komunitate indigenak, afroak eta nekazariak bizitzen ari diren hilketa-katea ere, bereziki Caucan. Kolonbiako Gobernuari eta lurralde honetan dauden nazioarteko botereei lan azkar eta eraginkorra eskatzen diegu Kolonbiako Gobernuaren aurrean, odoluste izugarri hori eraginkortasunez geldiaraz dezan.

Era berean, Millerren familiari, haren lagunei eta, oro har, nasa komunitateari gure doluminak eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu. Inork ez luke hil behar bere lurraldea, bere komunitatea, bere hizkuntza eta bere kultura defendatzeagatik! Çxhäçxh«çxhäçxhä!

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus