Albisteak

Mexikoko yukatanen hizkuntza biziberritzeaz

2019/03/12

Otsailean Jon Sarasuak zuzendutako saioekin amaiera eman zaio Mexikoko Yukatanen lehen aldiz antolatu den Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak diplomaturari.

"Diagnostikoaren gordintasunean bat gentozen ikastaroko guztiok: maia yukatekoaren egoerak adierazle kezkagarriak ditu. Transmisioaren galera handia da, martxa honetan ez da erreproduzituko, eta funtzio gehienak gaztelerak ordezkatu ditu. Ameriketako jatorrizko hizkuntza gehietan ikusten den moduan, gainbehera azeleratua gertatzen ari da. Gainera, maia yukatekoen kasuan, hizkuntzaren aldeko aktibistak oso talde txikietan dispertsaturik daude, proiektu komunik eta konexiorik gabe, eta maila organizatiboan ahultasun berezia dute. Kezkatzeko motiboak, guztiak.

Bestetik, indarguneak ere baditu maia yukatekoak. Aukera onak izan daitezkeen indarguneak. Tamaina eta eskala, zortziehun mila hiztun inguru hiru milioiko populazioan, euskaldunen antzeko eskala absolutu eta erlatiboa. Jatorrizko hizkuntza bakarra penintsulan. Tradizio idatzia. Hiztunen elkar-ulertze ia erabatekoa penintsula osoan, arazo dialektal txikia, eta beste batzuk.

Penintsula osotik (Yucatan, Canpeche, Quintana Roo estatuetatik eta Belizeko herrialdetik) etorritako hizkuntza ekintzaile eta eragileekin abuztutik hona 6 asteburu intentsibotan egin dugu ikastaldia, ponente euskaldun eta maiak nahastuta, parte-hartze handiko tailerretan. Bosgarren asteburua diagnostiko horri eskaini genion. Seigarrena, azkena, maia yukatekoaren etorkizunerako proiektu artikulatu bat marrazten pasa genuen, eta proiektu artikulatu horren ildo estrategiko nagusiak formulatuta geratu ziren: hogei urterako bisioa, hamar urterako estrategiak. 

Proiektu artikulatua martxan jartzea amets handia da, eta pausoak hasierakoak oraindik. Baina badoaz: Yúuyum AC elkarte zibila legezatu dute, prozesuaren katalizatzaile izateko. Ikastaroan parte hartutako pertsonak arlo estrategikoka bildu eta gaiak lantzen jarraituko dute. Eta hurrengo ikastaldia prestatzen hasi dira, oraingoan penintsulako unibertsitateekin hitzarmenak eginda. Bestetik, Meridako udalean (penintsulako nagusienean) hizkuntza politika bat martxan jartzeko mugimenduak daude, eta hori lortzen bada, udal askotarako ispilu izan liteke. Lanerako ordua maien lurraldean."

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus