Albisteak

MEXIKOKO TOSEPAN KOOPERATIBA TALDEAN NAHUATL PLANA MARTXAN

2018/04/11

GARABIDE Elkartea eta EMUN kooperatiba elkarlanean ari dira izaera aitzindaria duen Mexikoko Puebla estatuko mendizerran kokaturik dagoen TOSEPANen hizkuntza plana bideratzen.

Náhuatl komunitatea Mexikoko Puebla estatuko mendizerran bizi da. Eremu zabalean 1.500.000 hiztun inguru ditu.

Komunitate honetan berebiziko presentzia eta garrantzia du Unión de Cooperativas Tosepan  Titataniske (“Elkarrekin irabaziko dugu” náhuatl-eraz) izeneko kooperatiba elkarteak. Mugimendua 1997an hasi eta 1980an gauzatu zen.

TOSEPANek era guztietako jarduerak garatzen ditu bere baitan eta, horien artean, honakoak ditugu: TOSEPAN KALNEMAXTILOYAN (eskola), TOSEPAN KALI (ekoturismo zerbitzuak) eta TOSEPANTOMIN (kreditu kooperatiba). Horrekin batera  aipagarria 200dik gora komunitatetan kooperatiba lokalak dituela martxan.

Kooperatiba taldearen inguruan gauza asko aipa badaitezke ere, azpimarratzekoa da bere oinarri eta jardueran komunitateak duen garrantzia eta bai hitzez, zein ekintzez duten izaera soziala. Kreditu kooperatibaren logoa horren isla garbia da, azpiko argazkian ikusten den bezala.

 

GARABIDE aspalditik ari da hizkuntza lankidetza jorratzen TOSEPANekin. Bertako hainbat kide etorri da Euskal Herrira formazioa jasotzera, bai Aditu Ikastaroan, baita Ikastaldi Trinkoan ere eta, horrez gain, hizkuntza lankidetza edo kooperazio linguistikoaren baitako hainbat arlotan garatu ditugu proiektuak: nahualt hutsezko eskola, eskola materiala, hiztegia, irratia, eragileen saretzea.

Eta azkenotan erronka ilusionagarri bati ekin diogu, lan alorrera hedatu dugu hizkuntza lankidetza. Izan ere, EMUN kooperatiba euskaldunaren ardura teknikoarekin, TOSEPANen Náhuatl planaren diseinuari ekin baitiogu. Diseinua bideratzeko GARABIDEko Juan Luis Arexolaleiba “Gatxi” eta EMUNeko Txerra Rodriguez Cuetzalan-en gara eta bertan egongo gara hilaren 22ra arte.

Lanean hasita gaude náhuatl planaren baitan ditugun 3 erronketan:

  • TOSEPAN taldean izaera orokorreko hizkuntz irizpideak finkatzea.
  • Taldearen 2 kooperatibetan  erabilera plan zehatza martxan jartzea.
  • Bertako hizkuntza aholkularia den Lizbeth Sanchez trebatzea.

Erronkari erantzuten ari gara, pilota martxan da, datozen asteetan izandako gorabeheren eta egindakoen berri zehatza izango duzue; astean behin hemen egingo dugu kronika (hurrengoa apirilaren 16an) eta maizago pilulatxoak botako ditugu sarera Twitter eta Facebooken, baita Txerra Rodiguezen blogean ere. Eta TOSEPANen nahuatl hizkuntzaren biziberritzean azken urteotan zertan ibili garen jakin nahi duenarentzat hemen bildu dugu bideo-laburpena:

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus