Badator matxoaren 8a eta egun horretan Garabideko emakumeok greba egingo dugu pairatzen ditugun desberdintasunei aurre egiteko. Asko dugu aldarrikatzeko eta, oraindik ere, asko dugu lortzeko. Horregatik, datorren martxoaren 8an kalera aterako gara gizarte bidezkoagoa aldarrikatzeko, emakumeok* eskubide eta aukera berak izan behar ditugula aldarrikatzeko eta gorputzen ditugun zapalkuntza anitzen aurrean, tartean hizkuntza eta generoa, emakume* euskaldun bezala ahalduntze ariketa kolektiboa egiteko. Euskal Herriko Bilgune Feministak deitutako greba feminista honetan Euskadiko GGKEEen Koordinakundeak deia egin du lankidetzaren arloak bat egin dezan eta hala egin dugu Garabiden. Sektore bereziki feminizatua da lankidetza edo kooperazioa, ez baina guk jorratzen dugun hizkuntza lankidetza. Horregatik, hain zuzen ere, uste dugu motiboak soberan ditugula martxoaren 8an planto egiteko.
Jarraian interesgarri deritzogun informazioa bildu dugu:
- Grebaren deitzaile den aldetik, ostiraleko greba feministari buruzko informazio xehea hemen zintzilikatu du Bilgune Feministak. Horrez gain, grebaren GAKOAK bildu dituzte Berrian:
Martxoaren 8an «emakumeak, bollerak eta transak» greba egitera deitu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Heteropatriarkatu kapitalistari planto! Bizitzak erdigunean! lelopean. Hona hemen jakingarri nagusiak:
Bost ardatz
Greba feminista bizitzako esparru guztietara iristen dela adierazi du mugimenduak. Dena den, deialdia bost eremutan ardaztu dute: enplegua, zaintza, kontsumoa, ikasketak eta pentsioak —iazko deialdiak izandako lau ardatzei pentsioena gehitu diete aurten—.
Nola egin greba?
Lanuzteak. Lantokietan eta ikasgeletan 24 orduko greba egitera deitu du mugimendu feministak, gehiengo sindikalaren babesaz.
Zaintzeari uztea. Zaintza lanak egiteari uzteko deia ere bada. Hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegitzea proposatu dute.
Mobilizazioak. Hiriburuetan bi manifestazio handi egingo dituzte: 12:00etan eta 19:00etan. Herrietan eta auzoetan ere hainbat mobilizazio antolatu dituzte.
Bestelakoak. Besoko morea jantzi, txapak eraman...
Zein da gizonen rola?
Zaindu. Inguruko emakumeek greban eta mobilizazioetan parte hartzeko modua izan dezaten, zaintza lanak eurek hartzeko eskatu zaie gizonei.
Enpresetan. Greba egin nahi duten emakumezko lankideak babestu, eta eguneko soldata mugimendu feministari edo erresistentzia kutxari eman.
Ez kontsumitu. Grebaren kontsumo ardatzarekin bat egin dezakete.
Kontzientzia hartu. Grebaren ostean, beste gizonekin bildu, maskulinitateaz eta pribilegioez hausnartzeko.
- Bestelako argitalpen interesgarriak:
- “Hizkuntzak eta generoa ez daude aparte sekula” Garabidek Bilbon antolatutako Ahalduntzen: hizkuntza eta generoa mahai-ingurua aktibista kurdu, yukatango maia eta euskaldunekin.
- Yazmin Novelo Mexikoko yukatango maia hizkuntza aktibista feminista Radio Euskadiko Graffiti saioan martxoaren 8a bertan nola biziko duten azaltzen.
- Rojavako kurduen esperientzian emakumeen borrokari buruzko informazioa Naizen
- “Bizitza erdigunean jartzea, burujabetza kontua da” Bilgune Feministak argitaratuta
- “OLATUAREN EMARIA INDARTZERA” Maite Asensioren erreportajea Berrian:
- Zaintza lanei buruzko erreportajea Naizen
- Txaro Arteagari elkarrizketa Naizen
- Historiak baztertutako Irungo emakume esanguratsuen gaineko dokumentalari buruzko erreportajea Naizen