Albisteak

Martxoaren 8an EMAKUMEOK* PLANTO

2018/03/07

Martxoaren 8an Garabide Elkarteko lantaldeko emakumeen gehiengoak bat egingo dugu EMAKUMEOK* PLANTO ekimenarekin, 70 herrialde baino gehiagotan deituta dagoen greba honen bidez mendean hartzen, ikusiezin egiten eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko. Garabideren proiektuak gizarte eraldaketarako tresna diren heinean, egunerokoan egiten dugu lanketarik esanguratsuena genero berdintasunaren alde eta horregatik, hain zuzen ere, aurtengo martxoaren 8a indarrak batzeko eta eguneroko lana ikusarazteko aukera bezala ulertzen dugu. Gure jarduna den hizkuntza lankidetzara etorrita, begi bistakoa da menderakuntza ugari gorpuzten ditugula hizkuntza gutxituetako hiztunak garen emakumeok: jatorria, arraza, hizkuntza, klasea, adina, genero-identitatea, hiritar estatusa, orientazio sexuala eta gaitasunari dagozkionak, adibidez. Zapalkuntzarako tresna horiek baliatzen ditugu, preziski, egoera iraultzeko,  bidegabekeriak ezabatu eta berdintasuna lortzea helburu duten borroka kolektibo askoren parte baikara.

Euskal Herriko lankidetzako kolektiboen aldetik, nabarmendu nahi dugu Euskadiko GGKEen Koordinakundeak (Garabide bertako kide da) eta Nafarroako GGKEen Koordinakundeak bat egin dutela greba deialdiarekin. Halaber, gogora ekarri nahi dugu, Euskal Herriko mugimendu feministaren manifestuan biltzen den bezala, lan alorraz gain, ezohiko greba deituta dagoela zaintza, hezkuntza eta kontsumoan. Zergatik?

HEZKUNTZAN: hezkuntza sistemak zapaltzen gaituen sistema heteropatriarkala erreproduzitzen duelako.

KONTSUMOAN: sistema kapitalistak zapaltzen gaituelako eta emakumeak*kontsumo objektu gisa saltzen gaituelako.

ZAINTZAN: bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanak egiten ditugulako, ikusezinak bihurtzen gaituzten bitartean, sozialki albo batera utziz eta gure lanak gutxietsiz.

LANEAN: sozialki gutxi baloratzen diren lanetara atxikitzen zaigulako, gure lana gutxiago baloratzen delako eta lan baldintza prekarioenak guk pairatzen ditugulako.

Aurreko guztia dela eta, Garabide Elkarteko lan taldean martxoaren 8an emakumeen* gehiengoak PLANTO egingo dugu eta, gainera:

Lanaz gain, hezkuntza, zaintza eta kontsumo greba egingo dugu.

Mobilizazioetan parte hartuko dugu, nork bere auzo, herri edo hirian.

– Lan-greba ikusarazteko mezu elektronikoetan honako erantzun automatikoa ezarriko dugu: “Martxoaren 8an bat egin dut greba feministarekin eta, beraz, ezin diot mezuari erantzun”.

– Gure sare sozialetan zabalduko dugu grebarekin bat egiten dugula.

 

Bukatzeko, gogoratu nahi dugu eskura dituzula grebarekin NOLA BAT EGIN jakiteko gidalerroak eta baita, laguna bazara, greba babesteko GOMENDIO hauek ere.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus