Albisteak

2023ko Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programako partaideak Mondraberrin
2023ko Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programako partaideak Mondraberrin

Martxan da Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa

2024/07/05

Hizkuntza gutxituak dituzten munduko hainbat hizkuntza komunitaterekin ezagutzak eta esperientziak partekatzeko Garabide Elkartearen programa ekainaren hasieran abiatu zen. Bertan, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren komunitateen eskariz, euskararen esperientzia erakusteko formazioa eskaintzen da. Aldi berean, esperientzia eta jakintzak konpartitzeko gunea sortzen ari gara egoera berdintsuak bizi ditugun hizkuntza komunitateok elkarrengandik ikasteko.

Hainbat hizkuntza komunitatetako hamasei hizkuntza aktibistak ekin diote formazio programari, besteak beste, Erdialdeko Amerikako maiak, Hego Amerikako kitxuak, nasak eta maputxeak, Afrikako amazigak eta bubiak, eta Asiako kurduak.

Programaren lehenengo fasean online ikastaroa egiten ari gara, hizkuntzak biziberritzeko oinarriak partekatzeko. Bigarren fasean, irail eta urri bitartean, tokian tokiko hizkuntza aktibistak Euskal Herrira etorriko dira bertatik bertara garatzen den formazioari ekiteko. Bertan, saio teorikoak, bisita didaktikoak, sentsibilizazio saioak, praktikaldiak eta proiektugintza uztartuz, hizkuntzak biziberritzeko estrategietan sakonduko dugu. Hau guztia Euskal Herrian zehar burutuko da, aldiz, ohikoa den lez, partaideak Debagoienako herrietako bizilagun izango dira. Horretarako, baina, alokatzeko etxe bila gabiltza garabidetarrok, parte-hartzaileei ostatu emateko.

Hona hemen etxe bilaketan zehar Garabidek zabaldu duen mezua:

Etxe hutsen bat daukazu? Bada, zure laguntza behar dugu. Izan ere, Garabide Elkartean alokatzeko etxe bila gabiltza, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatzen dugun Aditu Formazio Programako parte hartzaileei etxeotan ostatu emateko. Hona hemen baldintzak:

Lekua: Aretxabaleta, Arrasate, Eskoriatza eta inguruak.

Garaia: Iraila eta urria (bi hilabete).

Konpromisoak:

  • Merkatu-prezioan ordainduko da.
  • Etxeak ondo zainduko dira eta aurretik zein ondoren garbitzaile profesionalek garbituko dituzte.
  • Etxeotan formazioan parte hartzera datorren jende heldu eta arduratsua egongo da, eta lo egiteko erabiliko da soilik (jatordu ia guztiak ere kanpoan).

Kontaktua:

  • Emaila: aditu@garabide.eus
  • Telefonoa: 688 609 740 (Gorane)

Etxe hutsen bat badaukazu, probetxua ateratzeaz batera herriko Garabide Elkartea lagunduko zenuke. Eta edozelan ere, mezua ingurukoen artean zabaltzea eskertuko genizuke. Milesker!

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus