2010eko otsaila. Ekuadorko PUCE unibertsitateko Hizkuntzalaritza Eskolako zuzendari eta Garabiderekin lankidetzan Oralidad y Modernidad egitasmoaren arduradun den Marleen Habouden bisita izan dugu egunotan Euskal Herrian.
Eskuartean ditugun egitasmoei azterketa egin nahi genien bisita baliatuz, baina gure berri sakonagoa izan dezan eta Euskal Herriko beste erakunde batzuen lanak ere ezagutu ditzan baliatu dugu haren egonaldia. Garabiderekin ez ezik, Huhezi fakultateko arduradun eta irakasleekin, Mintzola Fundazioarekin, Ahotsak.com egitasmoarekin eta Bilboko Zenbat Gara elkartekoekin bildu da Haboud irakaslea.
Bi egitasmo ditugu eskuartean elkarrekin, biak ala biak lehen aipatu dugun Oralidad y Modernidad proiektuaren parte: bat Ekuadorko bertako herrien hizkuntzetako ahozko tradizioak bildu eta ipuinak editatzen laguntzekoa; eta bestea hizkuntza horien benetako egoera zein den jakiteko, zenbat eta nolako hiztunak dituzten jakiteko azterketa, datuak gero mapetan erakutsiko dituena, besteak beste. Hizkuntzak oso galera handian sartuak dauden zantzuak agerikoak ei dira, eta besteak beste hori berretsi behar dute ikerketa hauek. Ondorioz hartu behar liratekeen neurriak ere egokiagoak izan daitezen.
Egoera zailean dira Ekuadorko hizkuntzak
“Hizkuntza bera” egiten dugula esan digu behin eta berriz Haboud irakasleak, eta erraz ulertzen dugula elkar. Gure egitasmoak azaldu dizkiogu eta haren informazioa jaso dugu. Ezinbestekoa Ekuadorko hizkuntzen egoeraz jabetzeko eta etorkizunean han egin dezakegun lankidetza pentsatzen jarraitzeko.
Hezkuntza elebiduna deitua zein ahul dagoen berretsi digu. Eurek ez dute Ekuador guztiko eskolen egoeraren berri, baina egiten ari diren ikerketetan ezagutzen dituzten eskoletako egoera ez da pozgarria. Gehienetan hizkuntza indigena astean ordu bat, bi edo hirutan baino ez dute egiten. “Ia ia hizkuntza atzerritarraren izaera” ematen diote Haboudek dioenez. Berriki egin duten azterketa baten arabera, Quito hiri inguruko zortzi eskoletatik bakarrean egiten dute zertxobait kitxueraz, bakarra da Hezkuntza Elebidunaren printzipioetara hurreratua, baina beronetan ere oso murritza da hizkuntza indigenaren presentzia gazteleraren ondoan. Itxaropenerako zantzuak ikusi dituzte, aitzitik Tsa'Chila herrira egindako bisitetan. Komunitate trinkotua, eta beren hizkuntzaren garrantziaz eta beroni eutsi beharraz oso jabetua ikusi dutela azaldu digu.
Herri hori da Ekuadorko hizkuntzen benetako egoera aztertzeko egitasmoaren baitan ikergai duten lehena, Euskal Herriko aholkularitzaz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzaz egiten ari dena, besteak beste. Galdetegiak eginak dauzkate komunitate batzuetan. Aldi beren, azken hamarkadetan herrialde osoko erroldan hizkuntzen ezagutza nola jaso den aztertzen ari dira. Azterketa bien emaitzak mapetan erakutsiko dituzte gero.
Beren ikerketak zertan diren azaltzeaz batera gizarteko beste alor batzuetan ere egoera zein den azaldu digu Ekuadorko irakasleak. Mugimendu indigena burokrazian sartuegia ikusten du, erakundetzeaz gehiegi arduratua bezala; hizkuntzaren akademia ahul, gidaritza lanerako gaitasunik gabe, itzalik gabe; besteak beste kitxueraren alfabeto batuaren behin-betiko ezarri beharra aipatu digu, badirelako oraindik aurreko alfabetoak erabiltzen dituzten erakundeak; hedabideetan ez da aurrerapen handirik sumatzen: Habouden ustez irratien indarra ez dute behar bezala baliatzen hizkuntza indigenek; Hezkuntza Elebidunaren Zuzendaritza eta Hezkuntza Ministerioaren arteko tirabirak ere nabarmendu ditu: historikoki Hezkuntza Elebidunaren sistema mugimendu indigenaren ardurapean izan da joan den urtera arte. Orduan Ministerioak bere gain hartu zuen. Orain badirudi atzera mugimendu indigenari itzuliko zaiola ardura.
Mezu baikorrak ere ekarri ditu, ordea, Marleen Haboud irakasleak. Quito unibertsitateetako gazteen artean kitxuera ezagutzeko eta hara hurreratzeko interesa handitzen ari dela dio. Unescoren parte hartzea ere nabarmendu digu aldeko indarren artean, besteak beste hizkuntza indigenok ikertzeko lizentziatura bat prestatzen ari delako nazioarteko erakunde hori.
Mondragon Unibertsitatearen lana
Aurrerantzean PUCE eta Mondragon Unibertsitatearen eta bereziki Huheziren arteko elkarlanean sakontzeko lehen pausuak ere eman dituzte egunotako bileretan. Ekuadorko unibertsitateko ordezkariak Huheziko Hizkuntzen Saileko irakasleekin bildu da hemen egiten dituzten lanen berri izateko eta Ekuadorkoak azaltzeko.
Halaber Huhezko zuzendaritzaz eta Kanpo Harremanetako Saileko arduradunekin bi unibertsitateen arteko lankidetza nola egin aztertu dute, direla ikasleen praktikak egiteko koordinazio lanak, direla ikasleen ikasketak atzerriko zentroetan, dela ikerlari edo irakasleen trukea eta abar. Lanean hasteko informazioa eman diote elkarri eta oinarrizko akordioak ekar ditzakeen intentzioen gutuna egitea adostu dute.
Ahozko tradizioa jaso eta aztertu
Lan handia egiten ari dira Ekuadorren eta Euskal Herrian ahozko tradizioak jaso eta horiek ezagutarazteko. Baita gero bestelako materialak prestatu eta erabilerak emateko ere. Alor hau hobeto ezagutzeko bilera bi egin ditugu egunotan: bata Mintzola fundazioko Josune Zabalarekin eta besteak Ahotsak.com egitasmoko arduradunekin.
Egiten dutena azaltzeaz bat etorkizunean elkarren berri izateko asmoa adierazi dute batzuek eta besteek eta egiten dituzten lanen berri ematen segitzekoa.
Ekuadorko ipuinak euskaraz
Webgune honetako Egitasmoen atalean ikus daitekeen legez, herri haietako ipuinak euskaraz ere emateko proiektua dugu eskuartean. PUCEko jendearen Oralidad y Modernidad proiektuaren baitako lanetakoa da. Ekuadorrerako atera nahi dituzten ipuinen edizioa egiten lagunduko du Zenbat Gara elkarteak: diseinuan aholkularitza eman, eta ipuinen edizio elebiduna Euskal Herrian inprimatu gero Ekuadorrera bidali eta han erabil dezaten. Baina hori ez ezik, hango hizkuntzetan eta euskaraz aterako diren ipuinen beste edizioa egiteko konpromisoa berretsi dute Bilboko elkartekoek.
Marleen Haboudekin bildu dira baita ere egunotan. Zehaztu dituzte ipuinen ediziorako koordinazio lanak: nork egingo duten diseinua eta nola; nola jasoko diren Euskal Herrian; zein azalpen eman beharko den ale bakoitzean; nolakoa den bildumaren izaera; zein egutegi izan dezakeen eta abar.
Hizkuntza bakoitzaren ipuin bat egingo da bilduma honetarako , guztira hamahiru.