Albisteak

Mapuzugunaren digitalizazioa

2021/04/22

Hirietako maputxeek, ahal izan duten heinean, euren jatorrizko komunitateetara itzuli dira pandemiaren gogorrenetik ihesi. Herriotan, landa giroko bizimoduan, isolamendua izan da nagusi urtearen zati handi baten.

Horrek hizkuntza-lankidetzan gure bitartekaria den Mapuzuguletuaiñ bezalako erakunde maputxeen funtzionamendua zuzenki mugatu du eta mapuzugunaren arnasberritze prozesuko dinamikak geldotu ditu. Baina ez unean uneko erronkei uko egiteraino. Urtero helduentzat antolatu ohi diren ikastaroak eta barnetegiak formatu digitalera egokitu dira eta irakasle –kimelfe- taldeek lan eskerga egin behar izan dute (materiala sortu eta moldatu, harreman sareak eta segimendurakoak egituratu, gabezia digitalak zituzten eskualdeetako ikasleentzako alternatibak bilatu…) ikasturtea gauzatu ahal izateko eta hiztun berrien katea hedatzen jarraitzeko.

Halabeharrez heldu behar izan zaio, Wallmapun zein Euskal Herrian, irakaskuntza bide berriei eta horrek emari positiborik ere utzi du: material didaktikoaren sorkuntzan goia jo du Mapuzuguletuaiñeko lantaldeak.

Bestalde, arretaz jarraitu ditugu biziberritze-prozesura hurbildutako aktore berrien proposamenak, PUCeko Villarricako campusean plangintza estrategikoa garatzeko aktibatu den eragile taldearena, esaterako. Eta harremanetan izan gara bere mapuzugunaren ikaskuntza sustatzeko konpromisoa berretsi duen eta Kulturen, Arteen eta Ondarearen Ministerioaren mende dagoen Jatorrizko Herrien zuzendariordetzarekin.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus