Albisteak

Mapuzuguletuaiñ elkarteko hiru maputxe Euskal Herrian Garabide eta Aurten Bai fundazioaren arteko hitzarmenari esker

2018/07/09

Beroarekin batera, hotza atzean utzita, Mapuzuguletuaiñ elkarteko hiru kide iritsi ziren ekainaren 30ean Euskal Herrira. Paula Huenumilla, Alvaro Jofré eta Catalina Huenulef maputxeek Zornotzako Barnetegian bi asteko egonaldia egingo dute Aurten Bai Fundazioaren eta Garabide Kultur Elkartearen arteko hitzarmenari eskerEgonaldi hau Garabideko Maiteder Sasietak eta Zornotzako Barnetegiko irakasle den Maider Leibarrek otsailean Wallmapura eginiko lankidetza bidaiaren jarraipena da. Otsailean, hango uda garaian, maputxeen hizkuntza den mapuzuguna irakasteko antolatzen dituzten barnetegietako batean parte hartzeko aukera izan zuen bikote euskaldunak

Behin hango indargune eta beharren diagnosi bat egin ondoren, euskaldunek han egin moduan maputxeak ere hemengo barnetegi baten dinamikan sartu eta nola funtzionatzen duen ikustea oso positiboki baloratu zen. Helburu horrekin etorri da hirukotea Euskal Herrira, Garabide eta Mapuzuguletuaiñ elkarteen arteko lankidetza erlazioa estutzearekin batera uztailaren 13ra bitartean barnetegiak nola funtzionatzen duen eta bai klaseak, baita egonaldia bera nola egituratzen diren ikusi eta ikastea, hain zuzen ere. Hilaren erdialdera arte egongo dira Bizkaia aldean eta Arabara egingo dute salto ondoren, Gasteizen antolatuko den HIGAn, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen II. topaketan, hartuko baitute parte. Maputxeen komunitatea ordezkatuz hizkuntzarekiko erronka berari aurre egiten dioten beste gazte batzuekin aritzeko aukera izango dute astebetez Arabako hiriburuan antolaturiko topaketa horretan. Hilaren 25ean iritsiko zaie berriro ere negura bueltatzeko parada.

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus