Albisteak

Maputxeen lurraldean dabil Garabide

2015/01/01

2009ko abendua.  Helburu birekin gerturatu gara lehen aldiz Garabideko kideok Wallmapura maputxeen herrira. Batetik herri honen eta bereziki bere hizkuntzaren egoera ezagutzeko eta bestetik Arrasateko Udalaren laguntzaz abian jartzear dagoen plataforma linguistikoari hasiera emateko antolatu zen kongresuan euskal esperientziaren berri emateko.

Egoera kaxkarrean dago maputxeen hizkuntza, mapuzunguna, oso. Maputxeak Txile eta Argentina artean banatuak daude eta datu zehatzik ez badago ere guztira milioi bat lagun pasatxo direla uste da. Horietatik, azken galdeketen arabera, %18 da hiztuna. Datu hau, dena den, askoz apalagoa da ume eta gazteen artean.

Oraintsu Mapuzungunaren akademia sortzeko ahalegina egin dute, baina azken urteetako grafemarioen arteko gatazka amaiezina tarteko, bertan behera geratu da beste behin ekimena.

Ezer gutxi egiten dute Txile eta Argentinako gobernuek egoera honi amaiera emateko. Oraintsu Hezkuntza Elebiduneko lege proiektu berri bat onartu dute Txilen eta honen arabera mapuzunguna aukerako ikasgai moduan jarri dute lehen hezkuntzan. Astean, irakasgai hau aukeratzen dutenek hiru ordu jasoko dituzte. Ez dago hizkuntzaren presentziarik haur hezkuntza eta bigarren hezkuntzatik aurrera.

Hiztunen kopurua bildu zuen ikerketa berak, dena den, beste emaitza itxaronpetsuagoak ere eskaintzen ditu. Maputxeen %52k, hizkuntzak egiten dituela maputxe aitortzen du, %57k hizkuntza dela kultura eta nortasunaren ardatzarik garrantzitsuena eta %80k hizkuntzare iraupenerako pausuak emateko prest dagoela onartu du.

Plataforma linguistiko berria

Datu hauek erakusten duten maputxeen nahiari erantzunez eta egoeraren larritasunaz oharturik, hainbat maputxe gazte antolatu eta lanari ekin diote azken hilabeteetan. Talde honetako %80k Euskal Herrian urtero Garabidek antolatzen duen truke progametan hartu dute parte eta Arrasateko Udalak emandako laguntzei esker Garabidek eurekin elkarlanean aholkularitza eta formazioa ematen darrai.

Talde honen asmoa hizkuntzaren inguruko plataforma bat sortu eta arlo ezberdinetan landutako hausnarketa prozesu bati ekitea da. Hausnarketa prozesu horretan mapuzngunaren biziberritzearen lan ildo nagusiak azaldu beharko lirateke, gobernu, legedi eta laguntzez haratago. Sei arlotan banatu dute hausnarketa prozesua: kontzientzia linguistikoa, hezkuntza, hizkuntzaren korpusa, ekoizpen kulturala, komunikabideak eta udaletako administrazioa.

Dagoeneko arlo hauetan parte har dezaketen pertsona eta elkarte batzuk aukeratu eta abenduaren 10ean egun osoko kongresua egin zen Temucon plataformaren lanari hasiera emanez. Han izan ziren Akademiako kideak, Gobernuko hezkuntza ordezkariak, Red para los derechos indígenas y lingûísticos elkartea, Xeg-Xeg Korporazioa, We Folil sarea...

Egun osoko aurkezpen eta hitzaldiei amiera Garabideko Urko Kolomok eman zion euskararen esperientzia eta berreskurapen gakoak zeintzuk izan diren azalduz.

Plataformako kideak astero biltzeko konpromisoa hartu dute. Badago zer egina oraintxe mapuzungunaren etorkizunari eusten dion soka fina indartzeko!

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus