Mari mari da maputxeen agurra eta horrela hartu dute gaur Korrikaren ahizpa, LEFKANTUN. Ekintzaile gazteek antolatzen dute urtero Wallmapu-n, maputxe herria bizi den lurraldean, eta beraien jatorrizko hizkuntza, mapuzugun-a, biziberritzeko ekimenetako bat da. Izan ere, euskararen bidean ikasitakotik, Korrikaz gain barnetegiak ere etxekotu baitituzte. Hizkuntzaren galera azkarra den garai hauetan sentsibilizazioa bereziki garrantzitsua da eta, hain zuzen ere, hori du helburu Lefkantunek. Gaur mapuzugunak Temuco hiriko plaza nagusia hartu du eta dagozkion espazioak errekuperatzeko aldarria egiten ari dira maputxeak festa giroan, garabidetarrak ere tarteko.
Antolatzaileen artean Mapuzuguletuaiñ elkarteko kideak daude, Garabidek azken urteotan antolatutako Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko Ikastaldi Trinkoan eta baita Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroan ere formatutakoak. Ondoko bideoan bidali digute pilulatxo bat, guk ere gozatu dezagun giroaz: