Albisteak

Garabideko Blanco Villarrican Txafkintuwe Mallolhafken eta Koyagtun Mapuche Koz koz-eko hainbat kiderekin
Garabideko Blanco Villarrican Txafkintuwe Mallolhafken eta Koyagtun Mapuche Koz koz-eko hainbat kiderekin

Maputxeen hizkuntzaren arrastoan mugaz gaindi

2025/04/16

Mapuzugun (edota mapudungun) deritzen maputxeen hizkuntzaren arrastoan hamaika kilometro egin ditu Endika Blanco Bravo garabidetarrak, maputxeen lurretan, Wallmapun, Txile eta Argentinako estatuetan zehar. Eta bide horretan maputxeekin bizitakoak jasotzen dira kronika honetan.

Bizpahiru jomuga nagusi izan ditu lankidetza bidaia honek. Hasteko, Garabideren Wallmapuko eragile aliatuek mapuzugunaren alde martxan dituzten proiektuen egoera bertatik bertara hobeto ezagutu eta etorkizuneko elkarlanerako aukerak lantzea izan da da helburu nagusietako bat. Hona hemen ildo horretan Endikak emandako pausoak eta egindako pausuak:

Kiñe-Bat: Temuko hirian egin zuen lehen geldialdia, eta bertan mapuzugun hizkuntza helduei irakasteaz arduratzen den Mapuzuguletuaiñ Wallmapu Mew elkarte aitzindariaren martxa onaren berri izan zuen, 2017an sortu zenez geroztik etengabe igo baita maila ezberdinetan mapuzugun eskolak jaso nahi dituen ikasle kopurua.

Epu-Bi: Temukon bertan jarraituz, duela hiru urte irekitako Txempeyem Mapuzugun Mew haur-eskola ere ezagutzeko aukera izan zuen. Zailtasunak zailtasun, 6 urte arteko haurrak mapuzugun hizkuntzan murgiltzen dituen proiektua hazten dabil, 2023an 5 püchikeche (haur) eta kimelfe (irakasle) bakarra izatetik 2025ean 21 püchikeche eta 4 kimelfe izatera igaro baitira.

Küla-Hiru: Ildo bertsutik baina Ozeano Barearen ertzean, Rulu mapu (Puerto Saavedra) udalerrian, Mapuzugun Iñ Choyum mapuzugunezko haur-eskola ireki zuten 2023an. Murgiltze espazio aitzindari hau ere bere txikitasunean sendotzen eta zabaltzen dabil pixkanaka, familia gehiago erakarri eta espazio falta nabaritzeraino.

Bertatik bertara ezagututako bi haur-eskola hauek mapuzugunarentzako arnasgune dira, neurri ia erabatekoan gaztelania hutsezkoa den Txileko hezkuntza sisteman, eta beraz, mimo handiz zaindu beharrekoak.

Meli-Lau: Rulu mapu udalerrian bertan, udaleko kulturarteko sailarekin lotuta mapuzugunaren alde onartutako “Plan de Revitalización Lingüística” delakoaren sustatzaileekin ere egon zen, eta aitzindaria den plan honen baitan, besteak beste, mapuzugunezko irrati programa bat garatu nahian dabiltza.

Kechu-Bost: Bidea hego-ekialderuntz hartuta, Andeen sartaldeko lurretan dagoen Panguipulli hiri-eskualdean, batetik, Koyagtun Mapuche Koz koz (Koz Koz Maputxe Parlamentua) erakundeko kideak, besteak beste, Kimeluwün deritzen jakintza edota ofizio eskola zabaltzeko lanean ari dira, eta eskola horretako jakintzen artean, mapuzugun tailerrak ere biltzen dira.

Kayu-Sei: Panguipullin bertan, bestetik, oinarrizko hezkuntzako eskoletan mapuzuguna irakasten duten “hezitzaile tradizionalen” Rayün Tain Mapun Kewün elkartearen lana hobeto ezagutzeko aukera bikaina izan zuen Endikak, hiru eskolatan hezitzaile hauen klase banatan zein topaketa batean parte hartuz.

Hau horrela, orain arte ikusi eta bizitakoarekin, esan daiteke lehenago Garabidetik bereziki Txema Abarretegik eta Maiteder Sasietak maguzugunaren alde sustatutako elkarlana emaitzak ematen ari dela, izan ere, jatorrizko hizkuntza ikasteko gero eta interes handiagoa dagoela dirudi, eta mugak muga, irakasteko bitarteko egokiak (irakasleak, metodoak, materialak, espazioak...) sortzen ari dira. Aurrerantzean ere baliabide hauek lantzen segituko dugu, eta horretarako, iazko azaroan Wallmapun bertan egon zen Ane Ortega irakasle garabidetarraren laguntza paregabea izango dugu.

Honez gain, bidaia honen bigarren helburu nagusia Wallmapun mapuzugunaren biziberritze lanean dabiltzan erakunde eta eragile gehiago ezagutzea izan da, eta jomuga horren bidean beste hainbat kilometro eta pausu egin dira.

Regle-Zazpi: Panguipulli baino pixka bat iparralderago dagoen Villarrica herrian, mapuzugunaren alde diharduen Txafkintuwe Mallolhafken elkartrukerako espazioan askotariko tailerrak (zeramika, ehungintza, historia...) antolatzen dituzte, eta azken aldian egiten ari diren ildotik, aurrerantzean ere urtean mapuzugunaren gaineko ziklo bat antolatzeko asmoa daukate, zinez ideia interesgarriekin.

Pura-Zortzi: Panguipullitik ipar sartaldera hartu eta Budi lakuaren hegoaldean eta Ozeano Baretik gertu dagoen Huilio (Teodoro Schmidt) herrian, Kom Pu Lof Ñi Kimeltuwe eskola dago, eta bertan, 7-14 urte bitarteko haurrei zuzendutako hezkuntza proposamen berritzailea garatzen dabiltza, izaera komunitarioa duena (partikular subentzionatua) eta ikasleak maputxe kulturan, eta neurri handi batean mapuzugunean, murgiltzen dituena. Txile eta Wallmapu osoan aurrekaririk ez omen duen hezkuntza-proiektu eredugarria.

Aylla-Bederatzi: Temukora itzulita, aspalditik Mapuzuguletuaiñeko kide den eta orain Conadi (Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) erakundean lanean dabilen Sofia Huenchumillarekin bildu, eta Txileko jatorrizko hizkuntzen alde egiten ari diren lana ere pixka bat ezagutzeko aukera izan da: Gizarte aktibaziotik bereziki mapuzugunaren alde sortutako proiektuak bultzatu eta babestu asmoz dihardu Huenchumillak instituzio honetan.

Mari-Hamar: Temuko ondoko Padre Las Casas udalerrian, Txempeyem Mapuzugun Mew haur-eskolatik 11 kilometro soilera, Colegio Intercultural Cerro Loncoche eskola aurki daiteke: Oinarrizko lehen hezkuntzako haurrak maputxeen kultura eta hizkuntzan murgiltzen dituen beste proiektu eder bat, kohesio handiz osatutako taldetxoak bultzaturik.

Mari kiñe-Hamaika: Puelmapun, maputxeen ekialdeko lurretan, Neuquén ondoko Fiske Menuko (General Roca) herrian, Wüñoletuaiñ taiñ kewünh taldea zain zuen Endikak, Rio Negroko Maputxe Parlamentuaren koordinadorarekin eta EIB taldearekin lotura duena. Oraintsu arte sekula ez zuen Garabidek Andeen sortaldeko maputxeekin elkarlanik garatu, baina hauek ere aspaldi egin zuten aukera, beraien hizkuntzaren alde ere borrokatzekoa, alegia. Eta, Gulumapukoekin edo sartaldekoekin alderatuz, testuinguruak eta ondorioz prozesuak ezberdinak izan behar dutela kontuan hartuta, elkarlanerako lehen urratsak diseinatzeari ekin zioten.

Maputxeen hizkuntzaren arrastoan mugaz gaindi egindako kilometro eta pauso hauen guztien aldi bereko helburua mapuzugunaren eta beronen aldeko mugimenduaren egoeraren gutxi gorabeherako diagnostikoa egitea ere izan da. Eta laburbilduz, egoeraren zaporea, maputxeek uneoro hartzen duten matea bezalatsu, gazi-gozoa dela esan daiteke, egoera larria bezain itxaropentsua baita.

Batetik, egoera larria, mapuzuguna galtzeko arrisku larrian baitago, baina hau Unescok ere esana da dagoeneko, eta zergatik? Hona hemen sumatutako ahulgune nagusiak:

  • Familiako hizkuntza transmisio naturala etenda dago ia erabat, desprestigioaren eraginez.
  • Ezagutzaren (eta erabileraren) gainbehera eta urritasuna nabarmenak dira.

Bestetik, aldi berean, egoera itxaropentsua da, indarguneak ere badirelako:

  • Mapuzugunez hitz egiten da, hiztun natiboak daude, oso nagusiak gehienak baina orain baita haur txiki-txikiak ere.
  • Mapuzuguna ikasteko interesa dago, interes hau aurreko hamarkadetakoa baino handiagoa da.
  • Mapuzugunaren biziberritze prozesua bultzatzen dabiltzan eragileak daude.

Beraz, hona hemen gure iritziz etorkizuneko lan-ildo estrategiko nagusiak:

  • Mapuzugun hizkuntzaren jabekuntzaren alorrean familia transmisioa berreskuratzea eta eskoletan garatutako esperientziak (bereziki murgiltze ereduak) zabaldu eta egonkortzea.
  • Mapuzugunaren funtzioen edota erabilera eremuen alorra (komunikabideak, kultura...) sustatzea.
  • Mapuzugunaren biziberritze prozesuaren alde egiten duen mugimendua artikulatzea.

Bidea luzea eta oztopoz betea da, baina maputxe mapuzugun zaleon ardura, argitasun eta energiarekin, elkarlanean “jo ta ke”, mapuzuguna biziberritzea lortuko dugu. Eta amaitzeko, mañum (milesker) Wallmapun bidelagun zaituztegun guztioi, zuen eskuzabaltasuna ezin baita kilometrotan neurtu. Pewkayal!

Erlazionatutako proiektua

Erlazionatutako hizkuntza komunitateak

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus