Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.
Erakundeetako ordezkaritza zabal batek zein euskalgintzako erakunde ugaritako ordezkariek babestuta, Iñaki Martinez de Lunak Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen apirilaren 11n, Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean.
Edurne Begiristain kazetariak gidatutako ekitaldian, Barandiaran Fundazioko lehendakari Abel Ariznabarretak epaimahaiaren erabakia irakurri ondoren, Eusko Ikaskuntzako Ana Urkiza lehendakariaren eskutik jaso zuen euskal komunitatearen alde egindako lana aitortzen dion saria. Urkizak honela definitu zuen Martinez de Luna: "Begirada zabaleko intelektual bat, hizkuntza-egitateaz ikuskera integrala duena. Gaur egungo euskal soziolinguistikako eragile nagusietako bat. Hizkuntzaren alorreko lider eta bultzatzaile bat". Ildo beretik, Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, Martinez de Lunak Araban euskara biziberritzeko egin duen ekarpena azpimarratu zuen; izan ere, 1980an %4 ziren euskara ulertu eta erabiltzeko gai zirenak, eta gaur egun %50 baino gehiago dira.
Bere hitzartzean, Martinez de Lunak jasotako babes eta zorion mezu guztiekiko esker ona adierazi zuen. Bizi osoan euskararekin izandako harremanaz zein euskarak Araban izandako bilakaeraz jardun zuen eta gaur egungo erronkei ere erreparatu zien. Gizartearen euskararekiko atxikimendua aktibatu eta zabaltzen joateko beharra nabarmendu zituen. Huts bakarra saria jasotzeko ekitaldia Izaskun Arrue Kulturgunean egin ezin izana aipatu zuen sarituak.
Zorionekoak gara Garabiden horrelako lehendakaria izateagatik, eta halaxe adierazi zuen Eñaut Agirre koordinatzaileak ere, ekitaldian abestutako bertsoan:
Lagun handi bat goraipatzeko
hartu nahi nuke aitzaki
Garabideko lehendakaritzan
hainbat urte daramaki
ideien txingar taldeko hauspo
edo liskarren tapaki
zeinahi lanetan moldatutzen da
bat arabarra izaki
zenbat denbora zenbat bilera
zenbat mila erabaki
ez dakienak zail da jakiten
(e)ta dakienak badaki
zenbat denbora zenbat bilera
zenbat mila erabaki
bejondeizula merezi duzu
mila zorion Iñaki