2009ko azaroa. Arrakasta handiz amaitu da, Ñawipi, Ekuadorren egin den herri originarioen zinema eta bideo jaialdia.
Otavalako Narciso Conejoren Malki pelikulari eman diote sari nagusia, eta haren ondoan beste honako hauek ere saritu ditu Juan Mora zinemagile mexikarra buru izan duen epaimahaiak:
Blanca Albaren Shinamari [genero berdintasunaren saria], Shanouk Newashish-ren Coureurs de nuit [opera prima saria], Takuma Kuikuro eta Marika Kuikuroren Imbé gikeku [laburmetrai esperimentala], eta Aaron Jones eta Derek Jones-en Alone & together [utzitako ondarearen aitorpenaren saria].
Rupai Koporazioak antolatuta, herri indigenen inguruko gaiak dituzten pelikula laburrak ikusteko aukera izan da jaialdi honetan. Quitoko emanaldi nagusian ez ezik Ekuador iparraldeko Pichincha, Imbabura, eta Carchiko probintzietako komunitate, eskola eta auzotan erakutsi dituzte pelikulak.
Arrakasta handiz gainera, Alberto Muenala jaialdiaren zuzendariak nabarmendu duenez, “500 lagunetik gora izan ginen sari emateko ekitaldian; eta aurretik 5.000 lagun bildu dira emanaldietan. Beste herrien artea, kultura eta bizimodua ikusteko aukera paregabea, izan dutenak”.