Hizkuntza guztiak «askatasunez eta berdintasunez» erabil daitezen, Hizkuntz Eskubideen Nazioarteko Adierazpena berretsi zuten ekainaren 9an hizkuntza gutxituen hainbat ordezkarik Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Sinatzaileen artean maisutzan parte hartzen dabiltzan 4 herritako ordezkariak izan ziren: Aldegundo Gonzalez Mexikoko Nahualt herrikoa, Cesar Pilataxi Ekuadorko kitxua, Beatriz Chocori maputxea eta David Katu Maya Kaqchikela.
15 urte dira lehendabizikoz adierazpena sinatu zela, eta oraindik ere lan tresna «emankorra» izan daitekeela aldarrikatu zuten. Idatzizko konpromiso hori egia bihurtzeko deia ere egin zuten.
Bartzelonan onartu zuten Hizkuntz Eskubideen Adierazpen Unibertsala gobernuz kanpoko 61 erakundek, 41 PEN klubek eta 40 adituk. Ekainaren 8 eta 9an Donostian egin zuten hizkuntz eskubideei buruzko nazioarteko sinposioaren karietara, haren balioa berretsi nahi izan zuen Behatokiak.
Maisutzako gonbidatuez gain, Valentziako, Balearretako, Kataluniako, Galiziako, Bretainiako, nahiz Okzitaniako ordezkariak ere izan ziren Andoainen, beren hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko. «Desberdinen arteko errespetuak egiten du batasuna eta elkarbizitza. Gure hizkuntzen alde eginez, munduko beste hizkuntza komunitate guztien alde egiten ari gara», adierazi zuten. Herri indigenen kasuan, beren hizkuntzen «genozidioaz» mintzatu zen Cesar Pilataxi maisutzako ordezkaritzaren izenean. «Gure landareak, animaliak eta lurrak bezala, hizkuntza ere zapaltzen ari dira» adierazi zuen emandako hitzaldi laburrean.
Ordezkari maputxea adierazpena sinatzen.
Ordezkari maya kaqchikela bere erakundearen izenean izenpetzen.
Aldegundo Gonzalez, Nahualt ordezkaria sinatzen.
Lau ordezkariak Kontseiluko eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko arduradunekin