Maialen Sobrino López elkarrizketatu dugu, Garabiden egiten ari garen GBA prozesuan berak baitu genero-erreferente ardura:
1.- Egitasmoaren izenburua nahiko argia bada ere, zer da eta zer dela eta Berdintasun Plana Garabiden?
Berdintasun Plana tresnetako bat da GBA edo genero berdintasunaren aldeko antolaketa aldaketa prozesua deitzen den honetan. Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako genero sailak eman zion GBA izena, beraiek errazten baitituzte horrelako prozesuak EAEko gobernuz kanpoko erakundeetan, tartean Garabiden. Izan ere, 2018an eta 2019an aurkeztu zuen Garabidek bere GBA proposamena Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren deialdira eta bigarrenean lortu genuen aurrera ateratzea. Prozesua bi deialditan banatuta dago: lehena, diagnostikoa egiteko eta genero plana osatzeko deialdia eta, bigarrena, plan hori martxan jarri eta ebaluatzeko deialdia. Garabide lehenengo deialdira aurkeztu zen eta, hortaz, 2020-2021 epean diagnostikoa eta genero plana egiten ari gara.
2.- Noiztik da plana martxan eta zein fasetan dago gaur egun?
2020 urte hasieran abiatu genuen GBA prozesua eta 3 figura sortu genituen prozesu osoa gidatzeko: batetik genero taldea, Garabideko boluntario, bazkide, teknikari eta erabaki organoetako 6 kidek osatzen dute eta talde eragile lanak egiteko ardura du; bertzetik, EMUN kanpo aholkulari lanetan, gaian adituak dira eta GBA prozesua aurrera eramateko esperientzia eta jakintza berezitua dute; eta, azkenik, genero erreferentea, aurreko bien arteko lotura egin eta GBAren ardura teknikoa duena.
Behin taldeak eta funtzioak argituta egoeraren diagnostikoari ekiteko datuak biltzen hasi ginen. Generoaren inguruko informormazio kuantitatiboa bildu eta datu kualitatiboekin ahalik eta gehien osatzen saiatzen ari gara. Horretarako, zehazki, behaketa zuzena egin dugu, galdetegiak gai eta Garabiden parte hartzeko modu desberdinetara egokituta, saio parte hartzaileak garabidetarren komunitatea osatzen duten kideekin eta banakako elkarrizketak. Oraintxe banakako elkarrizketak egiten ari gara, hau da, datu bilketaren azken fasean gaude.
3.- Plana, bukatzen bada, noiz bukatuko da?
Plana, berez, ez da inoiz bukatuko! Plan estrategikoekin gertatzen den bezala genero planek epe ertain-luzeko begirada dute, ziklikoki berritu, egokitu behar dira, lehentasunak finkatu eta helburu horiek lortzeko baliabideak jarri. Dena den, GBA prozesua deialdi bati lotuta dagoen heinean, baditu epe markatu batzuk: lehen zatia, alegia diagnostikoa eta genero plana egiteko epemuga 2021 bukaera da. Plana martxan jartzea (inplementatzea) eta ebaluatzea bigarren deialdiaren menpe dago, beraz Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak deialdia egiten badu, Garabidek aurkezteko baldintzak betetzen baditu eta gure proposamena onartzen badute bi urte izanen ditugu bigarren zati hori egiteko.
4.- Zein da planaren bidez lortzea gustatuko litzaizuken helburu nagusia?
Plana tresna gisa ulertzen badugu euskarak ematen digu etorkizunerako abiapuntua: lehen-da-bizi, Garabide elkarte bizigarriagoa izatea nahi nuke. Hau da, saiakera berritzaile, zintzo eta ausarta egitea bizitzak erdigunean jartzeko, Garabide hortik birpentsatzeko, etorkizuna amesteko katapulta izan dadin Garabide. Bide hori urratzeko, GBA prozesuaren fase honetan helburu nagusia, nire ustez, prozesua bera bizi eta kontzientzia hartzea da, garenaren eta izan nahi dugunaren kontzientzia kolektiboa.