Albisteak

LAUGARREN ASTEA: KANPORA IRTEN GABE, IRTENBIDE BILA

2017/10/30

BIDEOLABURPENA, Nekane Muñozek egina:

 

Bisita didaktikoek barne lanari bide eman diote aste honetan eta 3 izan dira “etxean” jorratutako arlo nagusiak: lehenik euskararen esperientziaz azken saioak, bigarrenik, fokua aldatuz, hegoaldeko hizkuntzen diagnostikoa eta, azkenik, hizkuntza biziberritzeko estrategia diseinua egin du partaide bakoitzak.

Interesgarria izan da azken aste honetan hurbildu zaizkigun adituek jorratutakoa. Honakoak izan dira ponenteak eta gaiak: Eneko Barberena (Txatxilipurdi): “Hezkuntza ez reglatua”, Aizpea Otaegi (Elhuyar): “Emakumeen ahalduntzea eta hizkuntzen biziberritzea”, Julene Maia (Urtxintxa): “Hizkuntzaren transmisioa eta gurasoen kontzientziazioa” eta, azkenik, Txerra  Rodriguez (Emun): “Zelanda Berriko Maorien berri”.

Astelehenetik aurrera “fokoa aldatu” dugu, izan ere orain artean fokua euskararen esperientzian kokatua izan dugu eta datozen egunetan, “hegoaldeko hizkuntzen diagnostikoa, desafioak eta praktika onak” izenburupean fokua hegoaldeko hizkuntzetan izan dugu. Atal honek 3 puntu nagusi izan ditu:

1.- “Beltzean mintzo” bideoaren proiekzioa eta denen arteko azterketa. Bideoak partaideen fibra ukitu du eta ikastaldiko unerik emotiboenak bizi izan ditugu.

2.- Jon Sarasuak, “Hegoaldeko hizkuntzen egoera”z hitzaldi gordin bezain interesgarria eman digu.

3.- Atalarekin bukatzeko, hainbat ikasle irakasle lanetan izan ditugu. Izan ere 4 hizkuntza komunitateko (Maputxeak, Nasak, Kaqchiquelak, Nahualthak) ikasle-ordezkariek euren herrien eta hizkuntz egoeraren berri eman digute.

Eta azkenik, asteari amaiera eman aurretik, lan pertsonalari ekin diogu. Ikasle bakoitzak, bere herriaren eta hizkuntzaren egoeran oinarrituz, hizkuntza biziberritzeko estrategia diseinua egin du.kastaldiko arduradunen laguntzarekin.

Nabarmentzekoa da astean egindako sentsibilizazio ekintzak:

  • Urriak 23: EHUko Antropologia fakultatean ikasleekin hitzaldia.
  • Urriak 24: Fagor taldeko Copreci kooperatiban enpresa munduan hizkuntza biziberritzeari buruzko elkartrukea.
  • Urriak 26: Arizmendi Ikastolako ikasleekin hizkuntzen arteko topaketa.
  • UrriaK 27: Gasteizko Francisco de Vitoria Ikastetxean amazigh eta guarani hizkuntzetako ordezkariekin elkartrukea.

 

Barne zein kanpoko lan jardunaz haratago, jai-giroko amaiera eman diogu asteari, Aretxabaletan egindako kantu kalejiran eta kantu afarian parte hartuz. Honarte, beraz, Ikastaldi Trinkoaren azken kronika. Beti bezala, blogean eta sare sozialetan (Twitter eta Facebook) dituzue berri gehiago. Arratsaldean ikusiko dugu elkar  "Hamaika amets eta beste bat gehiago" Ikastaldi Trinkoko agur ekitaldian!

Erlazionatutako proiektua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus