BIDEOLABURPENA, Nekane Muñozek egina:
Bisita didaktikoek barne lanari bide eman diote aste honetan eta 3 izan dira “etxean” jorratutako arlo nagusiak: lehenik euskararen esperientziaz azken saioak, bigarrenik, fokua aldatuz, hegoaldeko hizkuntzen diagnostikoa eta, azkenik, hizkuntza biziberritzeko estrategia diseinua egin du partaide bakoitzak.
Astelehenetik aurrera “fokoa aldatu” dugu, izan ere orain artean fokua euskararen esperientzian kokatua izan dugu eta datozen egunetan, “hegoaldeko hizkuntzen diagnostikoa, desafioak eta praktika onak” izenburupean fokua hegoaldeko hizkuntzetan izan dugu. Atal honek 3 puntu nagusi izan ditu:
1.- “Beltzean mintzo” bideoaren proiekzioa eta denen arteko azterketa. Bideoak partaideen fibra ukitu du eta ikastaldiko unerik emotiboenak bizi izan ditugu.
2.- Jon Sarasuak, “Hegoaldeko hizkuntzen egoera”z hitzaldi gordin bezain interesgarria eman digu.
3.- Atalarekin bukatzeko, hainbat ikasle irakasle lanetan izan ditugu. Izan ere 4 hizkuntza komunitateko (Maputxeak, Nasak, Kaqchiquelak, Nahualthak) ikasle-ordezkariek euren herrien eta hizkuntz egoeraren berri eman digute.
Eta azkenik, asteari amaiera eman aurretik, lan pertsonalari ekin diogu. Ikasle bakoitzak, bere herriaren eta hizkuntzaren egoeran oinarrituz, hizkuntza biziberritzeko estrategia diseinua egin du.kastaldiko arduradunen laguntzarekin.
Nabarmentzekoa da astean egindako sentsibilizazio ekintzak:
- Urriak 23: EHUko Antropologia fakultatean ikasleekin hitzaldia.
- Urriak 24: Fagor taldeko Copreci kooperatiban enpresa munduan hizkuntza biziberritzeari buruzko elkartrukea.
- Urriak 26: Arizmendi Ikastolako ikasleekin hizkuntzen arteko topaketa.
- UrriaK 27: Gasteizko Francisco de Vitoria Ikastetxean amazigh eta guarani hizkuntzetako ordezkariekin elkartrukea.
Barne zein kanpoko lan jardunaz haratago, jai-giroko amaiera eman diogu asteari, Aretxabaletan egindako kantu kalejiran eta kantu afarian parte hartuz. Honarte, beraz, Ikastaldi Trinkoaren azken kronika. Beti bezala, blogean eta sare sozialetan (Twitter eta Facebook) dituzue berri gehiago. Arratsaldean ikusiko dugu elkar "Hamaika amets eta beste bat gehiago" Ikastaldi Trinkoko agur ekitaldian!