2009ko abendua. Garabidek antolatzen duen esperientzien truke programaren helburu nagusietakoa gonbidatzen ditugun herri indigenetako ordezkarien errealitateak ezagutzea da. Errealitate horiez hausnarketa egitea, eta hausnar horretatik harantzago begiratuz, etorkizuneko lanak abiaraztea.
Euskal Herrira egindako bisitan hizkuntzaren errekuperaziorako hemen egindako lana ezagutu dute, baina hemen daukaguna ez ezik, baita zeregin horietan gako izan direnak ere. Gurean ze premia izan ziren, ze erantzun eman zitzaizkien eta ematen ari zaizkien premia horiei, nola osatu ziren herri elkarteak, nola egin zaion aurre legezko babes ezari, nola jarri diren martxan herri ekimenak, gerora hauek nola txertatu diren administrazio publikoen zereginetan. Eta batez ere, nola izan den argi bide hori euskaraz egin beharra. Alegia, gutxitua den hizkuntzarentzako lana egiteko hizkuntza horretan bertan egin beharra: hizkuntzari baliabide berriak emanez, bereak ez zituen alor batzuetara hedatuz, erabilera berriak emanez, hizkuntzaren funtzioak osatuz. Horretarako behar diren erremintak eginez noski, dela hizkuntzaren normalizazioa, direla materialak, direla eskolak edo komunikabideak.
Hori erakusten saiatu gara lau astez Euskal Herrian. Ikusi dugu nola egin den euskararen batasuna, nola jarri ziren abian lehen ikastolak, ze garapen izan duen euskal eskolak gerora, nola hasi ginen euskaraz egiten hedabideak, zenbat kultura duen hizkuntzak berekin eta hizkuntzaz zenbat kultura egiten den.
Egin daiteke beste herrietan
Saiatu gara gako horiek transmititzeaz bat hizkuntza gutxituak dituzten, eta kasu gehienetan galbidean sartuak dituzten, beren herrietan ere bide hau egin daitekeela erakusten.
Errazagoa da adibideak ikusiz. Guatemalako maya herrien hizkuntzen akademiak esate batera, telebista kate bat egiteko baimena, emititzeko frekuentzia, baliabide oinarrizko batzuk eta egoitza emanak dauzka duela urte batzuetatik. Baina orain arte ez dute telebistarik egin. Ez dute horretarako jende prestaturik, ez dute landu telebista beren hizkuntzetan, ez dute jakin hizkuntza horietan jendea trebatzen. Eta Euskal Herrian besteak beste Gipuzkoako Debagoienako Goiena taldearen GOITBren esperientzia ezagutu dute. Ikusi dute nolako pausuak eman zituzten, nola hasi ziren eta nola egin duten telebista gutxitua zen hizkuntza bakarrik erabiliz.
Guatemalako mayak
Ez dakigu zenbaiteraino izan den baliagarri esperientzia hau. Baina jardunaldietan egindako solasaldietan hasi gara hizketan TVMaya behingoz martxan jartzeko egin daitekeenaz. Ez da gutxi. Horretako lan handia egin behar da: baliabideak eskuratu bukatu behar dira, baina batez ere argi izan behar da egin daitekeela eta egin nahi dutela. Besteak beste telebista ezinbestekoa dutelako beren hizkuntzak biziko badira, beren herriak, herri mayak biziko badira. Hori argi izanda hasiko dira hizkuntzan trebatzen, hasiko dira hiztegiak sortzen, hasiko dira itzulpengintzan janzten, hasiko dira ikus-entzunezko lengoaia ikasten, hasiko dira ekipo teknikoen erabileran trebatzen, eta hasiko dira telebista egiten.
Euskal Herriko lankidetza bilatzera etor daitekeen egitasmoetako bat hori izango da, herri mayen akademiaren telebista martxan jartzekoa.
Beste batzuk ere bai. Datozen asteetan jasoko ditu Garabidek egitasmo berrietarako lankidetza eskaerak. Aztertu ondotik saiatuko gara Euskal Herriko esperientzia eman diezaieketenekin hartu-emanetan jartzen eta finantzabideak bilatzen.
Linguistikan duten formazioa ere osatu nahi dute mayek, akademiako kideen formazioa osatzeko. Egia esan, hizkuntza mayen normalizaziorako behar gorria dute hauen estandarizazioa.
Kaqchikel herriko ordezkariak berriz beren hezkuntza sistema propioa berritzeko formazioan laguntzea nahi du. Formazioa eta aholkularitza nahi dute, besteak beste hezkuntzarako materialak sortzeko.
Bolivian
Hizkuntzen didaktikarako formazio saioak aipatu dizkigu baita ere Boliviako Claudio Marcapaillo irakasleak, eta gramatikak lantzeko laguntza. Baina badira beste egitasmo posibleak Bolivian: ikasleekin eta herri indigenetako hezkuntza arduradunekin batera gaur egun egiten diren festa kultural komunitarioen irudi eta informazioen bilketa eta material ekoizpena, mayen kasuan aipatu dugun bezala komunikatzaileak formatzeko laguntza, antzerki eskola bat sortzeko laguntza eta oro har, beren hizkuntzetan ikerketa egiteko laguntzak.
Behar handia Wallmapun
Txileko maputxeen herritik etorritako ordezkariak ere argi ikusi dute zenbaiterainoko premia duten hezkuntza beren hizkuntzan izaten hasteko eta hedabideak mapuzungunez egiteko. Handik ere komunikatzaileak formatzeko etor dakiguke.
Eurekin lantzen hasiko garen lan esparruak izango dira, hizkuntzaren errekuperazioa gida lezakeen plataforma zabal bat martxan jartzen laguntzeko proiektu bat daukagulako esku artean. Garabideko kide bat abenduan hara doa lantegi horretara.
Komunikatzaileak formatzeko lizentziatura Ekuadorren
Ekuadorren jadanik izan du eragina Garabideren lanak. Kitxuerazko telebistak martxan jartzen laguntzen izan da aurten han. Jadanik hasi da emititzen kateetako bat, Cotopaxi probintziako TVMIcc.
Han geundela herri indigenetako komunikatzaileak formatzeko gakoak eta hedabideak hizkuntza gutxituan zelan egin daitezkeen ikusteko jardunaldiak egin genituen Quiton. Orduan sortu zen egitasmo handiago baterako hazia: lizentziatura bat prestatzen hasiak dira eta horretarako laguntza eskatuko digute.
Euskalgintzari deia
Eskaera hauek ez dizkiote Garabideri soilik egingo. Garabideren egitekoa zubi lana egitekoa da. Alor hauetan hainbesteko esperientzia pilatua duzuenoi egiten ari dira eskaera eta irekiak dituzue Garabideren atera gurekin batera egitasmo hauek indarrean jartzen laguntzeko.