Garapen-lankidetzarako ematen duten diruaren %25 jatorrizko hizkuntzak eta kulturak biziberritzeko esperientzietara bideratzeko proposatuko die UEMAk udalei, Garabide elkartearekin hitzarmena berritu ostean
[ Garabideko presidente Andoni Barreñak eta UEMAko lehendakari Josu Labakak sinatu dute hitzarmena, Azpeitian ].
UEMAk eta Garabide elkarteak lehen aldiz 2013an sinatutako lankidetza hitzarmena berritu dute. Garabideko presidente Andoni Barreña eta UEMAko lehendakari Josu Labaka Azpeitian elkartu dira, bi aldeen elkarlanerako hitzarmena zehazteko eta sinatzeko agerraldian.
UEMA osatzen duten udalek bakoitzak bere kasara kudeatzen du garapenerako lankidetzaren funtsen bat. Gaur egun, ordea, dirua ia bere osotasunean garapen bidean dauden herrialdeetako komunitateetako interbentzio-proiektuetara bideratzen da. Hau irauli nahi dute UEMAk eta Garabidek hitzarmen honen bidez, eta horretarako UEMAk honako proposamena luzatuko die bere udalei, garapen-lankidetzan bakoitzak duen eskumenaren baitan:
- Nazioarteko garapenerako lankidetzetan hizkuntzak biziberritzeko jarduera-esparru berria eranstea, lehendik daudenekin batera ibilbide propioa egin dezan. Jarduera-esparru berri honek hizkuntzak biziberritzeko proiektuak identifikatu, sustatu, garatu eta ebaluatuko dituen jarduera-esparru berezia izan beharko du.
- Horretarako, UEMAk bere udalei proposatuko die lankidetza funtsaren %25 jatorrizko hizkuntzen biziberritze-egitasmoetara bideratzea.
- Garapen-lankidetzan, hizkuntza-irizpidea gainerako jarduera-esparru guztietako egitasmoetan uztartuko den zehar-lerro berria izatea.
- Garapen bidean dauden herrialdeetako komunitateetako interbentzio-proiektuez gain, nazioarteko garapen-lankidetzak hizkuntzak biziberritzeko jarduera-esparru berri honen arloan bertako gizartearen sentiberatzea eta elkartasuna lortzeko jarduerak ere bultzatzea.
UEMAk honen berri emango die udalei, barne-mailako ohiko komunikazio bideak erabilita. Bi aldeek, berriz, bakoitzaren komunikazio eta sare bideak erabiliko dituzte hitzarmen honen berri emateko eta oinarrian duen kooperazio ildo berria jendarteratzeko.
Iturria: Albistea www.uema.eus webgunetik hartua