Albisteak

Lankidetza hitzarmena berritu dute UEMAk eta Garabide elkarteak, udalen garapen-lankidetzarako laguntzak kooperazio ildo berrietara bideratu nahian

2016/04/27

Garapen-lankidetzarako ematen duten diruaren %25 jatorrizko hizkuntzak eta kulturak biziberritzeko esperientzietara bideratzeko proposatuko die UEMAk udalei, Garabide elkartearekin hitzarmena berritu ostean

sinadura2016-04-26[ Garabideko presidente Andoni Barreñak eta UEMAko lehendakari Josu Labakak sinatu dute hitzarmena, Azpeitian ].

UEMAk eta Garabide elkarteak lehen aldiz 2013an sinatutako lankidetza hitzarmena berritu dute.  Garabideko presidente Andoni Barreña eta UEMAko lehendakari Josu Labaka Azpeitian elkartu dira, bi aldeen elkarlanerako hitzarmena zehazteko eta sinatzeko  agerraldian.

UEMA osatzen duten udalek bakoitzak bere kasara kudeatzen du garapenerako lankidetzaren funtsen bat. Gaur egun, ordea, dirua ia bere osotasunean garapen bidean dauden herrialdeetako komunitateetako interbentzio-proiektuetara bideratzen da. Hau  irauli nahi dute UEMAk eta Garabidek hitzarmen honen bidez, eta horretarako UEMAk honako proposamena luzatuko die bere udalei, garapen-lankidetzan bakoitzak duen eskumenaren baitan:

  1. Nazioarteko garapenerako lankidetzetan hizkuntzak biziberritzeko jarduera-esparru berria eranstea, lehendik daudenekin batera ibilbide propioa egin dezan. Jarduera-esparru berri honek hizkuntzak biziberritzeko proiektuak identifikatu, sustatu, garatu eta ebaluatuko dituen jarduera-esparru berezia izan beharko du.
  2. Horretarako, UEMAk bere udalei proposatuko die lankidetza funtsaren %25 jatorrizko hizkuntzen biziberritze-egitasmoetara bideratzea.
  3. Garapen-lankidetzan, hizkuntza-irizpidea gainerako jarduera-esparru guztietako egitasmoetan uztartuko den zehar-lerro berria izatea.
  4. Garapen bidean dauden herrialdeetako komunitateetako interbentzio-proiektuez gain, nazioarteko garapen-lankidetzak hizkuntzak biziberritzeko jarduera-esparru berri honen arloan bertako gizartearen sentiberatzea eta elkartasuna lortzeko jarduerak ere bultzatzea.

UEMAk honen berri emango die udalei, barne-mailako ohiko komunikazio bideak erabilita. Bi aldeek, berriz, bakoitzaren komunikazio eta sare bideak erabiliko dituzte hitzarmen honen berri emateko eta oinarrian duen kooperazio ildo berria jendarteratzeko.

Iturria: Albistea www.uema.eus webgunetik hartua

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus