Espazio berean bat eginen dute arropei eta objektuei bigarren bizitza egiteko nahiak eta hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen aldeko ekimenak
Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen dituen Guaixe fundazioaren 25. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien barruan dago lastailaren edo urriaren 13an, igandean, Irurtzunen eginen den (L) Aniztasun Festa. Itxipuru taldea, Aizpea Irurtzungo euskaltzaleen topagunea, Pikuxar euskal txokoa, Sakanako AEK, Mintzakide, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Euskara zerbitzuak eta Guaixek bat egin dute haren antolaketan, Garabideren eta Irurtzungo Udalaren laguntzaz.
Itxipuru taldeak urtaro bakoitzean bigarren eskuko azoka antolatzen du. Kontsumo ereduaz hausnarketa sustatu eta hura aldatzeko ekimena da, jendeak etxean dituen objektuei bigarren bizitza edo aukera bat ematea helburu duena. Itxipurukoek euren salmahaia jartzen dute, baina haiekin batera edozeinek jar dezake salmahaia. Esaterako, (L) Aniztasun Festa baliatuta Pikuxarreko kideek ere jarriko dute. Prezio merkean mauka ederrak eskuratzeko aukera dago. Aipatutako bi salmahaietan ateratzen den dirua irurtzundar berriendako harrera ikastaroa antolatzera bideratuko da.
Bigarren eskuko azokarekin batera (L) Aniztasun Festa izanen da. Eleak, hizkuntzak, ospakizunaren ardatz izanen dira. Alde batetik, Irurtzungo hizkuntzen azoka izanen da. Hainbat pertsonak euren jatorrizko hizkuntzari buruzko argibideak emanen dute eta horrekin bisitariek Irurtzungo hizkuntza mosaikoa osatzeko aukera izanen du. Hizkuntza horien artean, jakina, euskara dago. Euskaraldiak ondorio positiboetako bat izan zen gure inguruan uste baino aukera gehiago ditugula euskara hitz egiteko. Hala utzi zuten agerian Belarriprest eta Ahobizi txapek. Bada, Irurtzungo hitzorduan euskara elkarri oparitzeko eta hiztun berriak ezagutzeko aukera izanen da: mintzodromoa. Gurasoek ez dute aitzakiarik, ludoteka zerbitzua izanen baita.
Zorionez, euskarak hiztun berriak ditu, euskaltegietan ikasi dutenak. Ilusio berarekin hasi berri dute kurtsoa Sakanako AEK-n makina bat sakandarrek. Irurtzun eta Arakilgo euskaldunen komunitatea zabaltzeko eta handitzeko ahalegina egiten dutenek aitortza merezi dutela uste dugu erakunde antolatzaileek, eta propio antolatutako ekitaldia izanen da. Bost irurtzundarrek eta arakildarrek jasoko dute aitortza. Horrela ibarreko euskaldunon komunitatera hiztun berrien etorrerak etenik ez duela irudikatuko da.
(L) Aniztasun Festara joaten direnek, gainera, erakunde antolatzaileetako batzuen berri jasotzeko aukera izanen dute. Horrekin batera,hizkuntza aniztasunaren garrantzia azpimarratzen duen informazioa, Nazio Batuen Erakundeak aurtengoa Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu baitu. Musika eta barra zerbitzua ere izanen dira.
Elkarlanean antolatutako hitzordu horretan parte hartzera gonbidatzen zaituzte erakunde antolatzaileek.