Turkiako kurduekin dugun elkarlana epe luzera begirakoa bada ere, udazkenean larrialdiko dei bat jaso genuen. Gerran daude. Haiek zehazki ez, baina nolabait, bai. Gerran dauden eskualdeen ertzeko mugan Irak eta Siriatik errefuxiatutako kurduentzat eskolak kurdueraz antolatzen dabiltza, egoera zentzu askotan premiazkoa da, eta bertaratzeko deia egin ziguten, zer aporta genezakeen ikusteko.
Ez da Garabideren ezagutzetan eta lan-moduan sartzen errefuxiatu kanpamenduetan jardutea, hizkuntza kontuak izan arren. Hiztun komunitateetako muineko geruza antolatuekin epe luzeko bidaidetza egitea da gure iparra, zubi iraunkorrak sortzea, eta ez premiazko egoeretan ‘laguntzea’. Bertako kontaktuek ordea ondo ezagutzen dute Garabide, eta hala ere bertaratzeko eskaera egin zutenez, bertaratzea erabaki genuen. Kanpamenduetan zerbait egin daitekeen ikusteaz gain, etorkizuneko lan iraunkorragoari begira kurdueraren gaian egoera idenfikatzeko baliatu dugu bidaia.
Kanpamenduko hezkuntzarekin zuzenean engaiatzea ez da izango Garabideren zeregina, baina beharbada hezkuntza proiektuak antolatzeko adituren batek lekua izan dezake, edota eskola edo ikastola batentzat egitasmo interesgarria izan liteke kanpamendu batekin harreman iraunkorrak sortzea. Horretarako Garabidetik pertsona aproposena Jon Sarasua zela iritzi genuen, eta bera izan da aste motz batez bertaratu dena.