Gaur zortzi Irungo hizkuntza eta identitate anitzei buruzko topaketa burutu zen udalerriko kultura askotarikodun bizilagunak elkarrengana hurbiltzeko eta elkar ezagutzeko asmoz.
Irungo Udaleko Giza eskubideak, Memoria demokratikoa eta Kooperazioko arloak eta Garabide Elkarteak elkarlanean antolaturiko ekintza izan zen, Giza Eskubideen aldarrikapenaren 76. Urtemugaren harira. Izan ere, komunitateen eta gizarteen garapen integralerako funtsezkoa da hizkuntza, kultura eta identitatea barnebiltzea giza eskubideen markoan.
Jardunaldia kokatzeko ardura Tarana Karim-ek izan zuen, Azerbaijanen jaiotako eta Hernialden bizi den abokatu eta aktibistak. Bere sarrera hitzaldian, nortasun anitzak eraikitzen dituzten osagaiak, identitate berriek sorturiko erronka askotarikoak, nortasunaren aldakortasuna eta harreraren zaintzearen garrantzia landu zituen, beste gai askoren artean. Ondoren, Irungo hainbat bizilagunen eskutik, bizipen kulturalak eta linguistikoak, migrazio prozesuek sorturiko egoerak, kulturartekotasunaren bidean dauden erronkak, eta abar luze bat landu ziren.
Gaia sentsibilitate eta begirune handiz jorratu zen une oro, kaleko hotza itzaltzeko moduko giro bero eta hurbila eraikiz, bertaraturiko pertsona orori esker. Horrelako guneek eta uneek bizilagunen arteko mugak gainditzea ahalbidetzen dute, aurreiritziak landuz, elkarren bizipenak enpatiaz entzun eta jasoz zein harreman zubitxoak eraikitzen hasteko aukera emanez, bizikidetzaren bidean.
Ikus jardunaldiaren laburpen bideoa hemen.