2009ko azaroa. Amerikatik etorri diren bertako herrien ordezkariekin egiten ari garen jardunaldiak sartu dira hirugarren astean. Etenik ia batere gabe, oso beteak izan dira aurreko bi asteak eta ondorioz, dagoeneko nekatzen hasiak izango dira agian gure gonbidatuak; esperientzia asko ari direlako biltzen, gure kulturaren eta euskararen errekuperazio prozesuaren alderdi funtsezko asko ezagutzen ari direlako, eta nahitaez, eduki asko delako egun gutxitan biltzeko. Oso aberatsa bai, baina oso betea ere bai. Baina beste aste bi ditugu aurretik.
Hasi berri dugun honetan bi foku nagusi izango ditugu, batetik komunikabideak ezagutzea, eta euskarazko hedabideek gure kulturaren errekuperaziorako duten garrantzia ikustea; eta bestetik, Ipar Euskal Herriko egoeraren berri izatea.
Euskarazko komunikabideak
Joan den ostiralean EITB ezagutzen izan ginen, Donostiako Miramongo estudioetan. Eta astean zehar beste hainbat saio dauzkagu komunikabideak ezagutzeko:
- Goiena taldeari bisita egingo diogu asteartean.
- Bilbo Hiria irratia ikusteko aukeraz izango dugu asteazkenean.
- Aitor Zuberogoitiak elebitan aritu diren komunikabideen bilakaera azalduko digu.
- Lorea Agirreren eskutik euskarazko prentsaren historia eta bilakaera ezagutuko ditugu.
- Berria egunkaria bisitatuko dugu ostegunean.
- Eta larunbatean oso interesgarria iruditzen zaigun Irulegiko Irratiaren berri jaso nahi dugu.
Ipar Euskal Herriko egoera
Dagoeneko jardunaldietako partaideei azaldu diegun bezala, ondo ezberdinak dira hego eta ipar Euskal Herriko egoerak identitatearen errekuperaziorako baldintzak ezberdinak izan direlako.
Iparraldeko berri izateko Baionan emango dugu ostirala, eta Baigorrin eta Garazin ostiral iluntzea eta asteburua. Hango lege egoera, hango hezkuntza, hango errebindikazio bereziak, kultur mugimendua, eta oro har, hizkuntzaren errekuperazio gako izan diren alderdiak zertan diren azaltzen saiatuko gara.
Herri elkarteak
Herrietan euskara elkarteak zergatik osatu ziren, egiten duten lana eta beste alderdi batzuen garapenerako duten garrantziaren berri izateko Topagunea koordinakundeon bisita jasoko dugu. Aldi berean, Zenbat Gara elkarteari bisita egingo diogu asteazkenean.
Astea Kataluniako egoeraren berri izanez hasi dugu, Joan Argenter irakaslearen eskutik. Honekin batera, Andoni Barreña dator hizkuntzen batasun egoeraz egingo dugun solasaldia gidatzera eta Koldo Zuazo euskara batua egiteko izan diren zailtasun eta gorabeherak azaltzera.
Beren esperientzien berri
Gure gonbidatuek saio guztietan dute aukera jasotzen dutena beren esperientziekin trukatzeko, baina horiek ez ezik, propio antolatutako ekitaldiak ere baditugu asteon haien herri berri izateko: mahai-ingurua Arrasaten, hilaren 3an, 19.00etan, Kulturate aretoan. Eta Durangoko ikastoletako ikasleekin izango dituzten solasaldiak asteazken goizean.