Albisteak

Kolore anitzeko hariak Quechuaren etorkizuna iruten

2023/01/10

Joan den urriaren 27an eta 28an, Sucreko hirian (Bolivia), egin ziren Quechua hizkuntzaren biziberritzaileak prestatzeko ikastaroaren amaiera ekitaldia eta aurrez aurreko topaketa. Ikastaro hori elkarlanean sustatu genuen Tata Gualberto Quispek, Irakasleak Prestatzeko Sucre Mariskala Goi Mailako Eskolak eta Garabide Elkarteak.


2010az geroztik garatzen ari garen euskaldun eta quechuen arteko harremanei esker izan da posible ikastaroa antolatzea.  Izan ere, urte hartan hasi ziren quechuak parte hartzen Garabidek Euskal Herrian antolatzen dituen hizkuntza biziberritzeko prestakuntza ikastaroetan (truke programak eta Hizkuntza Biziberritzeko Aditu Ikastaroak). 2018an, tarte batez hoztuta egon ondoren, elkarren arteko harremana indartu eta Garabideko teknikariak Boliviara joan ziren elkarrekin antolatutako hainbat ekintzatan parte hartzera: hitzaldiak, bilerak eta biziberritze prozesuei lotutako ekitaldiak, besteak beste. Ondoren, 2021ean, Quechua Hizkuntza eta Kulturaren Institutuarekin (gazteleraz Instituto de Lengua y Cultura Quechua) koordinatuta, martxan jarri zen hitzaldi birtualen ziklo bat. Hain zuzen ere, bertan sortu zen prestakuntza intentsiboagoa egiteko beharra, online atalaz gain aurrez aurreko saioak ere izango zituena.

Esan eta egin. Ikastaroaren lehen fasean 11 saio birtual izan genituen, 2022ko abuztuaren 17tik urriaren 18ra bitartean. Saio horietan hizkuntzaren biziberritzearekin eta euskararen esperientziarekin lotutako gaiak landu ziren. Era berean, hizkuntza gutxituen egoera globalari eta Boliviako Quechuaren egoera zehatza aztertu ziren.

Sucreko aurrez aurreko saioek iraun zuten bi egunetan, Garabideko teknikariek eta ikastaroko parte hartzaileek hizkuntza-plangintzari buruzko ariketak egin zituzten. Alde batetik, diagnostiko-elementuetatik hasita, sektorekako AMIA analisi bat egin zen eta, bestetik, quechuaren biziberritzearen zuhaitza marraztu ondoren adar bakoitzeko esperientzia eta eragile zehatzak identifikatu edo mapeatu ziren. Quechuaren egoerari buruz hausnartu ondoren, zuhaitz horren adar bakoitza biziberritzeko proposamenak egin ziren eta, horri esker, Quechua Biziberritzeko Plan Estrategikoa eraikitzeko jarraitu beharreko prozesua argitzen hasi zen. Hori ezarri da abiapuntu gisa hurrengo urteetako lana antolatzeko, modu koordinatuan eta Boliviako Estatu Plurinazionalak, zein Quechua nazioak dituzten baliabideak aprobetxatuz.


Etorkizunari begira, prestakuntza fase hau amaituta, bi estrategiaren jarraipen eta sustapen kolektiboa proiektatu da: batetik, quechua hizkuntza indartzea Irakasleak Prestatzeko Goi Mailako Eskolen eremu espezifikoan eta, bestetik, hainbat sektore, eragile, erakunde, antolakunde, pertsona eta abar biltzea, Plan Estrategiko bat elkarrekin eraikitzen jarraitzeko eta, hartara, datozen urteetan ekintzak bideratu ahal izateko gizartearen eremu desberdinetan.


Ikastaroaren itxiera ekitaldian ordezkaritza zabala egon zen: besteak beste, Hezkuntza Ministerioko, Hizkuntzak eta Kulturak Ikasteko Institutu Plurinazionaleko eta Prestakuntza Eskoletako agintariak eta gizarte eragile ugari. Ziurtagiriak banatzeaz gain, quechua izan zen protagonista musika, kolore eta alaitasunez betetako ospakizunaren. Parte-hartzaileak bat datoz balorazioan: lehen formazio honek interes eta itxaropen handia sortu ditu eta aro berri baten hasiera markatu du quechuaren biziberritze lanetan.


50 pertsona inguruk parte hartu zuten modu iraunkorrean ikastaroan, birtualki zein aurrez aurre, eta ezaugarri komunei erreparatuta gehienak hiru probintziatako (Potosí, Cochabamba eta Chuquisaca) Irakasleak Prestatzeko Goi Mailako Eskoletatik zetozen, baina izan ditugu komunikabideetako eta administrazioko zenbait ordezkari ere. Nor bere lurraldera itzuli aurretik, parte-hartzaileek irudikatu zuten bakoitza hari bat dela, kolore bat, esentzia bat; eta kolore anitzeko hari horiekin jarraitu behar dutela etorkizuna iruten, quechua hizkuntzarentzat eta quechua herriarentzat.

facebook
0
twitter
Iruzkinak
0
Lagun bati bidali

 

 2020 Garabide

Larrin Plaza 1, 20550 Aretxabaleta, Gipuzkoa
688 63 24 33 / 943 250 397
garabide[arroba]garabide[puntu]eus